argia.eus
INPRIMATU
Post-asunaren ziztada
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2023ko uztailaren 05
'Zulotik' | Lepora | Bonberenea ekintzak, 2023
'Zulotik' | Lepora | Bonberenea ekintzak, 2023

Taldearen sorrerak kutxatan harrapatu gintuen; batzuk beldurrak ezin menderatuta, fundamentuzko kontzerturik egin ez eta ondorioz ezin proposamen berriak zulotik atera. Baina atera(ko) dira, jakina, eta haien hegaldiarekin topo eginez gero ez dago zirkinik gabe utziko duen inor, edo ez luke halakorik egon beharko. Izan ere, irmoak dira erabat, aberats eta jostariak instrumentuekin eta giroak sortzen ere maisuak. Ez, ez dira belarri guztietarako goxoak izango, baina nik behintzat sorpresa galanta hartu dut, sorpresa ederra.

Nortzuk dira horren atzean daudenak? Zakur zaharrak: Txus (Same Old, Libe, Losado, Eh!), Ibon (Tutan Come On), Gorka (Kashbad, Trumbo) eta Txusta (Iont).

Eta non ezkutatu dira orain artean? 2020an kaleratu zuten estreinako lana, baina ditxosozko pandemiak oztopatu zuen haien hegaldia; eta orain disko berriarekin datoz, motozerraren pare, gauzak argi, oso gogor eta detaileak zailduta baina zainduta. Hau ere Karlos Osinaga ‘Txap’-ekin grabatuta eta Vodoo Muzak eskolako saxoek gatzozpinduta.

Post-punk eta post-hardcore abizenek lanbrotu egiten gaituzte askotan, hain handiak eta hedatuak baitira aterki horien pean hazten diren taldeak: badira pausatuagoak, ilunagoak, poperoagoak, siniestroagoak, metalaren espaloia higatzen dutenak… Hesitu ezin den esparru erraldoi horretan igeri egiten du Gasteizko laukoteak, baina hurbilago dago agian Touch&Go-ri arima eman zioten taldeetatik, amorrutik eta soinutik.

Ez dago inor-ek luxuzko introa dauka eutsitako intentsitateaz hasieran; ondoren, erritmo jolas oso aberatsez, abiadura eta indarra kiribiltzen dute oldarkor. Zulotik da ia takikardikoa, erritmo apurketa funky-jazz destroyerrarekin Big Black gogoan amilduta. Aterako dira da are pisutsuagoa, hotzagoa, industrial girora inguratuta. Hegaldia gitarrero eta rockeroena, baina hala ere ilun eta marzianoa; a ze groove-a daukan! Ezin menderatu-k uztartzen ditu erritmo tribal, ia martzialak eta psikodelia kutsua. Eta, azkenik, Kutxatan da azken deiadar eta arnasa.