argia.eus
INPRIMATU
Oriaren ertzetik
Amets Aranguren Arrieta @ametsaranguren 2023ko uztailaren 05a
'Urdiñak 100 urtez' | Tolosa CF klubaren eta Berazubi estadioaren mendeurrena | Tolosan, Oria ibaiaren gainean, ekainaren 25ean. ARGAZKIA: Iñigo Royo
'Urdiñak 100 urtez' | Tolosa CF klubaren eta Berazubi estadioaren mendeurrena | Tolosan, Oria ibaiaren gainean, ekainaren 25ean. ARGAZKIA: Iñigo Royo

Nahi dugu iragana kontatu eta etorkizuna ospatu” aipatzen du Juantxo Zeberio musikari tolosarrak pasa den igandean Ataria-n eginiko elkarrizketan. Tolosako Futbol Klubak ehun urte egin ditu aurten eta, harekin batera, baita Berazubi estadioak ere. Horren karira antolatu zuten San Joan egunaren biharamunean kontzertua Oria ibaian. Ez ertzean edo gertu, baizik eta ibaiaren barnean, lehen aldiz. Ikusgarria ez zen bakarrik entzuten zena izan.

Tolosakoak gehienak, hamabost bat musikari hartu zituen ez-ohiko oholtzak: Mirua taldeko kideak, Verde Prato, Tenpora taldea, hari laukote bat eta haize hirukotea. Hodeiertz abesbatza Zerkausiaren goiko partetik aritu zen kantuan. Antton Telleria ibili zen emanaldiaren gidari, txalupa batean, oholtzaren inguruan bueltaka, Tolosa Futbol Klubarekin lotura duten zenbait kirolarirekin batera.

Errepertorioa interesgarria izanen zela aurreratua zuen Zeberiok goizean, baina, egia esan, bete-betean asmatu zutela esanen nuke. Berandu eta galduta gindoazela, Garai galduak kantatzen ari zen Verde Pratoren ahotsari segika heldu ginen Oriaren ertzera. (Oholtzarena gutxi ez eta argiak ere… wow). Kantu propio batzuk izan ziren, aipatu berri Verde Pratorena, Tenporaren Berriro asma nazazu edo Miruaren Goiz hiltzen dira ametsak single berria kasu. Itoizen eta Laboaren bertsio bana ere izan zen tartean, eta leku zabala izan dute ere Tolosako bertako zenbait kantu zaharragoek. Gustatu zait bertakoari aitortza nabarmena egin izana. Tolosa Futbol Klubaren ereserkia bertsio diferentetan jo dute, inauteri ezagunetako doinu batetik Miruako hirukoteak sorturiko Txin Txin edo Iraolaneko zuloari eginiko Iraolanekoa, udako solstizioarekin batera urtero kantatu ohi dutena. Bakoitza bere aldetik entzutea ederra izan da eta musikari denak elkarrekin aritu direnetan hartu dute dimentsio handiagoa doinuek, baina kantuari ibai ertzetako barandilletako tolosarrak gehitu zaizkiolarik hartu du emanaldiak indarrik handiena.

“Nik ere hau nahi dut nire hirian” pentsatu dut eta hasi naiz imajinatzen Labrit frontoiak 2052an izanen duen mendeurrenean. Ez dut uste Argan horrelakorik montatzean pentsatzen ibiliko direnik, baina jakinda (duela urte batzuk arte behintzat) pilotan aritzen ziren haurren arteko txapelketak “txitxirioaren txapelketa” zuela izena eta irabazleak bere pisua eramaten du garbantzutan, okurrituko zaie zerbait originala.

“Edertasun guztien leku izan nahi duzunez gero, hala izan zaitezen” kantatzen dio Benito Lertxundik Oria ibaiari. Beti ez dakit, baina iluntzeko edertasun dena haren urek bildu zuten igandean.