Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) berriro jaitsi da, Espainiako Estatuaren kasuan bere lekura itzuli arte gainera, egungo doktrina ekonomikoak ezartzen duen %2tik behera dagoelako jada. Azpiko inflazioaren bilakaera motelagoa da, baina tira, pozik agertu dira arduradun politikoak eta hazkunde ekonomikoa uste baino zertxobait handiagoa izango dela iragarri dute. Produzitzea duela urtebete baino merkeago izango da, energiaren prezioa jaitsi den neurrian.
Datu berdinak arnasa hartzeko aukera eman beharko lioke urtea itolarrian egin duen langileari. KPIaren igoerak ekarritako garestitzea apalduko delakoan, soldata berarekin orain urte bete baino eros ahalmen handiago izan behar luke. Ez da horrela izango ordea. Soldataren zati handiagoa doa hipoteka ordaintzera, alokairuak ez dira jaitsi, argi indarraren eta gas fakturaren zenbatekoan KPIaren gorabeherak ez dira berez eta zuzenean aplikatzen…
Oikos eta nomos, etxea eta administratzailea. Ekonomia, etxea ongi administratzeko trebetasuna. Teoria ekonomiko hegemonikoek aspaldi apurtu zuten ekonomiak jatorriz zuen esanahia. Baina harago eginez, makroaren eta mikroaren arteko aldean dago gaur egun apurketa.
Adierazle makroekonomikoek ez dute etxeetan, herrietan, eskala txikiko jarduera ekonomikoan gertatzen dena ez islatzen, ezta aintzat hartzen ere. Hortaz, azterketa makroen gaineko politikak ez dira etxeei, herriei eta eskala txikiko jarduera ekonomikoari begira egiten, ezta egingo ere. Adierazle berriak, egoera ekonomikoa beste ertz, oinarri eta helburuekin aztertzeko tresnak… beste behin ere, galtza bete lan oporretara.