argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Norakoa
Ula Iruretagoiena 2023ko ekainaren 27a

Veneziara itsasotik iritsi behar dela esan didate, gainontzeko irisbideak asebeterik daudelako. Maider Lopez artistak mendialdean egindako auto ilaren kolapso-irudia datorkit burura hau entzutean. Baita Venezia eusten duen lurrak jendez gainezka egotearekin hiria hondoratzen denaren irudia ere, Titanic baten antzera, itsasoaren urak janda. Egoera larria izanik ere, hiriak jendea erakartzeko makinaria ez du gelditu. Ze ematen du udaldian hirien kolapsoa irudikatzea ez dela arazo, overbooking edo beteta kartela hirientzat ere balio duela, desiragarri bailitzan. Hiria gainezka bisitatzea erakargarri geratzearen arrazoia aukeratuen lustrean sentitzeagatik izango da, baina gure garaiko oporren ezaugarri bat izatera iritsi da. Ikus Frantziako Tourrak gurean aurreikusten duena.

Veneziako hondoratzean laguntzeko, udako hilabeteetan Veneziako Arkitekturako Nazioarteko Bienalaren 18. edizioa egingo da, arkitektoak eta bestelakoentzat interes-foko bat dena. Aurten afrikar emakume batek antolatzen du erakusketa, Lesley Lokkok. Londres eta New Yorkeko irakasle izandakoa da eta nobela oparo idatzi ditu, baina Afrikaren aldeko aktibismoagatik fitxatu dute seguruenik. Edizio berria Etorkizunerako Laborategia izendatu du Lokkok, etorkizuna Afrikan dagoela baitio. Deskarbonizazioa eta dekolonialitatea etorkizunaren ardatz jarrita, afro-pentsamendua planetarentzat bereziki baliogarria izan daitekeela argudiatzen da, bietarako leku baita Afrika; bertara begiratzeko keinua egiten du komisariak. Etorkizuna eta Afrika lotzea erakargarria da oso, arkitekturaz gaindiko irudi gisa funtzionatzen du. Eta etorkizuna laborategia da, datorrenaren dimentsio eraldatzailea aurreikustea ezinezkoa delako, eta beraz, plangintzaren aroari laborategiarena datorkiola esan nahi da. Eta aro berrian, afrikarrek, 40 urtetik beherakoek eta emakumeek hitza hartu beharko dute, erakustaldian bezalaxe. Hiria beteko badugu, kontzientziarekin izan dadila.