Ikasturtea bukatu aurretik jakin dugu berria: Suediako Gobernuak eskolak digitalizatzeko plana gelditu du. Ezusteko albistea inondik ere, inor gutxik espero baitzuen Suedia bezalako estatu batek galga emanen zionik hezkuntza sistemaren digitalizazioari. Erabakia, gainera, ez dute edozein testuingurutan hartu Stockholmen: eskolak digitalizatzeko plana bizkortu behar zuen Suediak 2023an. Beraz, agudoago eta digitalki joateko aginduaren aurrean, “mantsoago eta ez honela nahitaez” erantzun dute.
Oihartzun handia izan du aferak, eta iritzi askotarikoak sortu ditu hor-hemenka. Le Monde egunkariak, adibidez, osasunaren atalean sailkatu du albistea (ez hezkuntzan, ez teknologian). Beste batzuek erresistentzia keinu indartsua ikusi dute espero gabeko mugimenduan: posible da ezinbesteko digitalizazioaren jainkoari aurre egitea; bai eta haren lasterkraziari ere.
Ikasgelak pantailez betetzea hezkuntza sistemen helburu nagusietako bat izan da azken urteotan. Gero eta gehiagok salatzen dutenez, modu akritikoan. Gero eta gehiagok diotenez, ideologia bihurtzeraino.