argia.eus
INPRIMATU
'Your body is a battleground'
Amaia Alvarez Uria 2023ko ekainaren 22a
'Puta' | Nelly Arcan | Alberdania, 2022
'Puta' | Nelly Arcan | Alberdania, 2022

Ohean irakurri dut liburu hau eta ez dit amets goxo edo hezerik ekarri. Egileak erabiltzen dituen irudien arteko bat da ohea, bizitza eta heriotzaren gunea izan daitekeena berarentzat. Ispilua ere maiz agertzen da, bere ahizparekin, bere amarekin, bere lankideekin simetria jolasak egiten ditu tarteka, identifikazioaren bidez bere burua desagertzeraino. Errezelak dira beste irudi bat, auzoei ezkutatzen diete gelan puta eta bezeroaren artean gertatzen direnak. Eta aldizkariak behin eta berriz aipatzen ditu emakumeen kosifikazio eta hipersexualizazioaren erakusgarri, gazte eta eder izan beharra, sistema heteropatriarkalarentzat desiratuak eta baloratuak.

Nelly Arcanen Puta liburua 2001. urtean argitaratu zen eta polemika handia piztu zuen. Hitzostean esaten den moduan, bere gorputzari, puta izaerari eta azentu quebectarrari gutxiespenez egiten zioten erreferentzia hedabide eta kritika misoginoek, eta apenas aipatzen ziren lanaren ekarpen literarioak. Niri Virginia Woolfen stream of consciousness edo kontzientzi-jarioa ekarri dit gogora; Mary Shelleyren Frankensteineko abandonoaren oinazea; Annie Ernauxen estilo gordina; Amelie Nothomben autofikzioaren bilaketa; Danele Sarriugarteren esaldi luzeak Erraiak-en; edo Alaine Agirreren Odol mamituakeko gaitzan murgiltzea.

Bere psikoterapeutarentzat idazten hasi zen, unibertsitateko ikasketak ordaintzeko prostituzioan egindako ibilbideari buruz hausnartzeko. Asoziazio librearen bidez jardun zuen lan literario gogor baina mamitsua onduz. Berrehun orri horiek irakurtzeak sistema heteropatriarkalean emakume izatea zer den eta zein ondorio dituen gogoraraziko digu hitzen jarioaren bidez eta gorputzaren kurba bakoitzari gupidagabe begiratuta.

Maria birjina eta Eva bekataria; edertasunaren kanona eta adinkeria, derrigorrezko heterosexualitatea eta pentsamendu heterozuzena, familia harremanak eta maitasuna, depresioa eta suizidioa, hitzen okada luzea, estilo zuzena, fikzioa eta saiakera, sintaxiaren erabilera, begirada marjinala, metaforak eta errepikapenak, tentsioak eta kontrasteak… Gauza askori buruz hitz egiteko aukera ematen digu liburu honek, Mendebaldeko jendarte androzentriko eta sexistaren erradiografia ketu bat osatzen duelako.