argia.eus
INPRIMATU
Hititen eta euskal ontzi baten hondoratzea
  • Anatolia, duela 3.200 urte. Hititen inperioa hondoratu egin zen. Brontze Aroko potentzia nagusietakoa, besteak beste, asiriarren eta egiptoarren aurka aritutakoa, oso urte gutxitan desagertu zen. Ikerketa batek misterioa argitzeko frogak aurkitu ditu orduko zuhaitzen enborretan.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2023ko ekainaren 20a
Midas erregearen hilobiko ipuru enbor hauetan dago idatzita hititen inperioaren gainbehera. Argazkia: Dosseman.
Midas erregearen hilobiko ipuru enbor hauetan dago idatzita hititen inperioaren gainbehera. Argazkia: Dosseman.

Sumendiak, lurrikarak, piratak, migrazioak, inbasioak, epidemiak… hipotesi asko bota dira hititen inperioaren bat-bateko gainbehera azaltzeko, baina berriki Nature aldizkarian argitaratutako ikerlan batek argitu du misterioa: hititen inperioak ezin izan zion aurre egin hiru urteko lehorte luze bati (K.a. 1298-1296). Erantzun zehatza zuhaitzen enborren eraztunetan irakurri du Sturt Manning Cornell unibertsitateko arkeologoak, hau da, dendrokronologia erabili du.

Horretarako, Gordionen (Turkia) dagoen Midas erregearen hilobiko egurrezko ganbera aztertu du –errege ezagunaren izena duen arren, ez dakigu zein erregerentzat eraiki zuten–. Ganbera duela 2.700 urte inguru eraiki zuten ehundik gora enbor erabiliz. Frigiako erresumaren garaian izan zen hori, Hititen gainbehera baino mende batzuk geroago. Baina ipuruaren egurra erabili zutenez, eta zuhaitz espeziea luze bizi ohi denez, hemezortzi enbor identifikatu zituzten hititen garaian bizirik zeudenak. Eta guztietan aurkitu dituzte muturreko ur eskasia adierazten duten hiru eraztun bereizgarriak.

Dendrokronologiari esker, enborrak ez dira soilik egutegiak; mapak ere badira. Tokian tokiko eraztunen sekuentziak osatu ahala, egurra noizkoa den jakiteaz gain, nongoa den ere jakin daiteke

Baina, dendrokronologiari esker, enborrak ez dira soilik egutegiak; mapak ere badira. Tokian tokiko eraztunen sekuentziak osatu ahala –Kalifornian Pinus longaeva espeziearen 8.000 urtetik gorako kronologia osatu dute–, egurra noizkoa den jakiteaz gain, nongoa den ere jakin daiteke.

2002an Galesko Newporteko portu zaharrean XV. mendeko ontzi-hondarrak aurkitu zituzten. Nigel Nayling dendrokronologoak datatu zuen 26 metroko ontzia, baina ontziko egurraren eraztunak Erresuma Batuko erreferentzia dendrokronologiko ugariekin alderatuta, ez zuen sinkronizaziorik topatu. Egur hura ez zetorren britainiar uharteetatik. Osatutako sekuentzia Europan ezagutzen zituen laborategietara bidali zuen eta, hala, Arkeolanera iritsi zen 2005ean. Baina orduan Arkeolanek osatua zeukan erreferentzia kurba mugatua zen. 2011n eta 2012an, XIII. mendera arte luzatu zuten eta Josue Susperregi dendrokronologoak Newporteko erreferentziekin alderatu zuen. Eta biek bat egin zuten. Nayling berehala etorri zen Euskal Herrira eta Irungo laborategian, Susperregirekin batera, astebetean egiaztatu zuen sinkronizazioa perfektua zela. Newporteko 26 metroko ontzia Euskal Herrian hazitako haritzez eraiki zuten.