argia.eus
INPRIMATU
(G)uda da
Eneko Gorri Gantier 2023ko ekainaren 21a

Irakurle maiteak, esklusiba batekin hasi nahi nuke iritzi-artikulutxo hau: badator uda! Bai, bai, ate joka dugu oporren, herriko besten eta lagunarteko barbakoen sasoia. Frantziako Tourra, sanferminak, haurren udalekuak... Esklusiba batekin hasi, eta aitormen batekin segituko dut: nire hasierako helburua ez zen sasoien dinamikari buruzko kronika arina idaztea. Zertxobait konplexuagoa idazteko gogoa nuen. Ausartagoa. Pikanteagoa. Hauteskunde giroak eta pil-pilean diren eztabaidek inspiratutako gogoetak zituen abiapuntu. Baina azkenean ez naiz menturatu.

"(Nire) borroka da, bide bakarra" zuen izenburua. Gure borroka esparruak polarizatzen diren garaiotan eta jendea mobilizatzea geroz eta zailagoa delarik, gure lehentasunak galdekatzeko xedea zuen hasierako zirriborroak. Sektoreen arteko zubiak eraiki? Edo estrategia bakoitzaren nagusitasuna (hegemonia) irabazi? Bide instituzionala edo herri mugimendua? Preso eta iheslarien aldeko mendiko suak edo Bake Artisauak? Bagira*ren aberri eguna edo Herribiltzarena? Herrian bizitzeko manifa bateratzailea edo okupazioa?... Baina erran bezala, ez dut lortu ideiak nahi bezain garbi pausatzea, eta ez naiz menturatu galdera horiek pausatzera.

Bide instituzionala edo herri mugimendua? Preso eta iheslarien aldeko mendiko suak edo Bake Artisauak? Herrian bizitzeko manifa bateratzailea edo okupazioa?

Ez naiz menturatu ere, ez naizelako sare sozialetan ibiltzen eta, beraz, gure mikrokosmosaren eztabaida asko eskapatzen zaizkidalako. Eta segur naiz jadanik norbaitek nonbait eta noizbait idatzi duela nik baino askoz hobeki, barnean sentitzen ditudan zalantza horiei buruz. Ez da gauza berria eta eztabaidak izatea sanoa da; desadostasunak eta gatazkak bezain sanoa. Baina azken boladan iruditzen zait energia asko xahutzen ari garela gure ondokoarekin zergatik ez garen ados xerkatzeko, karrikara ateratzeko hainbeste arrazoi badelarik.

Barkatuko didazue metafora txar batekin segitzen badut, baina uste dut arroltze guziak ez direla beti saski berean bildu behar. Arroltze moleta zalea naiz (tortilla) eta arrautza asko erabiltzen ditugu tortillak egiteko Euskal Herrian. Baina arroltzek balio dute pintxoak, bixkotxak eta Pisco Sour koktelak egiteko ere. Atxiki ditzagun horretarako. Ez dira kontrajarriak, osagarriak baizik!

Bitartean, Claude Harlouchet zenaren esaldi batekin agurtzen zaituztet: "Euskal Herria askatzeko molderik onena eraikitzen hastea da". EHZn ikusiko dugu elkar, azken mende laurdenean bertan eraikitzen baita Euskal Herri justuago, euskaldunago, feministago eta askeagoa.