Kanpaina amaitu zen, eta hauteskundeetako emaitzei buruz hitz egiteko gogo gutxi zuen batek berriro ere kanpaina iragarri zuen, errealitatearekin uneko lotura gutxi edukitzen duen gurpil bat (errealitatea ikustea desatsegina zitzaionez), titularretatik eguneroko errealitatea egozten duen fikzio emozionala. Sozialdemokratizatzen gaituen jarduera. Ez dizuet gezurrik esango, eskuak igurtzi nituen, festa berriro, Sálvame kenduko digute, eta ordezko bikaina dira kanpainak, ni leku askotakoei lotzen natzaie, hemengoei, eta Argentinakoei bereziki, errealitatetik urruntzeko, dibertitzeko.
Alderdi bakoitzak aukeratzen ditu bere kanpainako gaiak, eta horiek dosifikatzen dira. Egunerokoak ez du zirrikitu handirik izaten, eta gaiak errealitateari lotuagoak (zaintza) izan daitezke, edo fantastikoagoak (ETAgoak). Uholdeak baldin badaude, metaforaren bat, lekutu eta argazkiren bat, katiuska eta guzti; hilketa matxista bat baldin bada “hasi nahi nuke gogora ekarriz, beste behin ere…” bat, isiltasunen bat, eta “pozteko garaia da”.Hori gertatu da, ez? Izan ere, kontratatutako aulki-jartzaileek ere aurrera egin behar, martxan jartzen den makinaria guztiak (telesailen batean bereziki gozatu ditut kanpainen tripak: The good wife, The West Wing, Vota Juan).
Baina ez da komeni errealitatetik gehiegi urruntzea ere, zure boto emaileak errealitatea dela uste duenetik behintzat. Adibidez, Euskal Herrira etortzen bazara ezkerreko botoaren bila, EH Bilduri errieta egitea urruntzea da, baita Herri Urratsen kontura eskola publikoaren aldeko aldarria guztiz desitxuratzea ere, baita euskaraz konpontzen ez diren hautagaiak jartzea ere, baita euskara antidemokratikoa dela... Urruntzea da, Espainian, ministro feminista hala delako zigortzea, Errejoni gertatuaz ez ikastea (medioak ez dira zure boto emaileak), “irabaziko dugu” oso fuerte esatea nahikoa dela pentsatzea… Errealitateari jarrera speedikoz ixkin egiteak PP eta Vox esan nahi du. Asko sozialdemokratizatu beharko da Espainiako boto emaile ezkertiar gaixoa.