argia.eus
INPRIMATU
Lokarriak solte
Maddi Galdos Areta 2023ko ekainaren 16a
'Postal bat desertuan' | Julen Apella Santamaria | Balea Zuria, 2023
'Postal bat desertuan' | Julen Apella Santamaria | Balea Zuria, 2023

Postari dagokiona omen postala, eta zorionekoren batek jasoko du halakorik datozen hilabete beroetan. Gerau ere bagara dohatsu: uda bezperetan heldu zaigu esku artera Julen Apella Santamariaren (Berriz, 1998) lehen argitalpena. Postal bat desertuan (Balea Zuria, 2023) izendatu du poema-bilduma gazte berriztarrak, Donostia Kultura VI. Poesia Saria irabazita plazaratu duena.

Postala izan daiteke, ordea, beste hainbat gauza: errealitate den baina errealitatea desitxuratzen duen txatala, izate akasgabearen promesa aizuna, erakusleihoa turistaren begietan, memoria eta desiraren gorpuztea, une bat beste une guztiengandik deslotuta… Lokarri eta zapatak, iratzargailuak, tren eta errailak, orbelak, suak, aipatutako postalak eta bestetzuk darabiltza Apellak 40 poemetako iruditegia ondu eta gutasunaren (edo gutasunen) eta nitasun poetikoaren arteko tenkak, bizi dugun inguruarekiko begirada zorrotza, errotze eza zein norberarekiko arroztea adierazteko. Zentzu horretan, bereziki deigarri dira itxuraz aurkari diren hitzen elkarketak: “Mugitzea egoteko beste modu bat / baino ez da: gelditasuna / etengabeko asaldura baten menpe”.

Atentzioa ematen du, halaber, irakurleoi berri zaigun ahotsak ahots izatearekiko eta, oro har, hitza eta hizkuntzarekiko duen kontzientziak. Besteak beste, hitz soilak hots higatuak direla diosku Komunikazioa poemak, baina baita soinu gastatu baino gehiago izan daitezkeela ere: “Esan eta sentitu bere xumean hitzek / balio dezaketela mundua esateko / pintzel lodiz bada ere / eta hustasunean gutxienez zubiak eraikitzeko / hankamotz gelditzen direnean”. Beharbada, ildo berean uler genezake Apellak Ez da nahikoa olerkian sortzen jarraitzearen alde egiten duen nolabaiteko aldarria: liburua bera baita esateke zirenak esaten asmatzeko saiakera.

Izan ere, sorkuntzari eta literaturari gorazarre ere bada liburua, orain arte aipatu oro ariketa metaliterario dotorearekin bilbatuta baitakarte orriok. Lerroartean ala esanbidez, han-hemenka dira erreferentzia artistikoak eta idazketaren inguruko hausnarketak. Bidaide horiek alboan, ibilbidea abiatzeko pauso irmoa eman du Apellak bilduma honekin, izan zapatak jantzita ala oin biluziekin.