Worxeterren (Ingalaterra) egindako indusketa lanetan, erromatar garaiko depilatzeko 50 pintza baino gehiago aurkitu dituzte berriki.
Adituak ez dira harritu aurkikuntzarekin, erromatarrek gorputz osoko biloa kentzeko ohitura baitzuten. Hasieran higiene kontua omen zena Inperio osora zabaldu zen, klima hotzagoetara, beste ñabardura batzuekin.
Gorputzeko ileak banan-banan kentzea lan mingarria eta luzea zen eta, ahal zutenek, esklaboen laguntzaz egiten zuten. Gainera, depilatuta egoteak “barbaroengandik” bereizten omen zituen erromatar hiritar zintzoak.