argia.eus
INPRIMATU
Bilobak baleki…
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2023ko ekainaren 16a

La Banda del Abuelo elkargunea rara avis-a da zentzu askotan: adinez nagusi samarrak zirela batu ziren taldea sortzeko, eta haien alde inork ezer ere eman ez zuenean, arrasatearrak ausardia osoz hasi ziren kontzertuak egiten moldeak eta belarri-zuloak apurtzen (haienak tartean). Punk, gaztetxe eta kontrainformazio katakunbetan hazitako lagun hauek betidanik erakutsi dute, haien bailaran beste inork ez bezala punk jarrera eta izaera, eta hard-rock saiakeratik hurbil dagoen soinua. Hitzak desberdinak, irakurriak, buelta dezente emandakoak eta, jakina, oso (auto)kritikoak industria, bekaizkeria eta handinahia jaun eta jabe den honetan.

Kantuak lokalean hala moduz grabatu, kopiak egin eta lagunen artean banatzea izan zen luzaroan haien praktika ohikoa. Hori eta igandeetan instrumentuak eta haien erabilera ia zerotik ikasteko aitzakiapean egin izan dituzten entsegu-makinazioak. Duela bospasei urte, baina, Rock-and-rolla mailu bat da izeneko CD-liburua kaleratu zuten, aurkezpen zainduarekin eta taldeko kide eta letrista den Josu Arteagaren zortzi kontakizun adierazgarri batuta.
Urteotan isil antzean egon dira oso-oso kontzertu gutxi, zulo ilunenetan aukeratutakoak, eginez, eta hara non pandemia zikinetik are eta amorratuago bueltatu diren (ez genuen kontrakoa espero!). Izan ere, haien kabuz –eta dotore– grabatu dituzte lokalean zortzi kantu berri gitarra jotzailearen gidaritzapean, eta Xabier Atxa artista herrikide arrasatearrak landutako artelanean bildu dute.

Aldaketa nabarmenena da Anek momentuz taldea utzi duela, eta okasio honetarako Jaime Lizaranzu armonika jotzaile beteranoa batu zaiela. Bestalde, lortu dute –iraganekoarekin alderatuta– definizio handiagoko soinua, eta punk-rock eta jatorrizko hard-rockaren arteko ezinezko mugan jarraitzen badute ere, Josuk beti presente izan dituen Lemmy eta Xabi Garre-ren erregistroetatik hurbilago dabil orain. Ñabardura handiko emaitza, soila baina aldi berean kateatzeko zaila: gitarra zorrotzak, erritmo ia tribalak, rock and roll gordina eta psikodeliara hurbilketa.