argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Madalenak
Uxue Apaolaza Larrea 2023ko ekainaren 07a

Prousten madalena aipatzeak ia debekatuta behar luke dagoeneko, baina ia behartuta nago aipatzera. Ez dira egun asko batekin topo egin nuela, eta sei urte nituen garaira eraman nau. Udalekuetara, Goñira. Orduan sei-zazpi urtekoentzat bazen astebeteko eskaintza bat, eta ni, nola ez animatu egin nintzen, gero, han nengoela, nire zapata bat gorde behar izan nuen arren negar egiteko aitzakiaren bat izateko: "Zapata galdu zait", gurasoak ikusi nahi ditut esan ordez. Gauetan, norbaiti bururatu zitzaion haur guztiak oheratu ondoren, ideia ona zela bozgorailuetatik nobela bat irakurtzea, gau bakoitzean zati bat. Ez dakit zenbat ulertuko genuen, badakit ni desiatzen egoten nintzela erdi ulertzen nuen zera hura entzuteko. Orduan ez nekien "nobela", gutxiago "beltz".

Urteak pasa behar izan zuten etxean nobela bat irakurtzen hasi, eta gogoa litera haietara joateko. "Hau zen, hau zen!". Madalena. Harrituta, buruko zokoren batean gordeta nituen pertsonaia, aldarte, giroa... hain konpartituak zirelako, ez ezkutuko zerbait. Eta hain misteriotsuak iruditutako pertsonaiak, egoerak... ez ziren hainbeste, baina eusten zioten oraindik. Eta barru-barrutik eskertu nion gauetan haurrei nobela beltz bat irakurtzea bururatu zitzaion hari opari hura egin izana. Nik ere ez nuke egingo, gutxiago gaur egun, agian. Ondo ulertu ez nuen hark, horretxegatik, agian, marka sakona utzi zidan nonbait, iradokitzen zidana orrialde haietatik harago baitzihoan, iradokitzen zidana literatura bera baitzen. Hamabost egun Urgainen. Eta duela egun gutxi, madalenak madalena gogorarazi zidan.

Garai batean, nago, gutxiago adinkatzen, mailakatzen zen, eta behar ez genuen sustoren bat hartuko genuen, baina gogoan iltzaturik zenbat inkognita eder. Ulertu ez genuena modu berezian gogoratzen dugu, madalenek galdera itxura izaten dute maiz. Orain, beste ero batzuek Hamabost egun Urgainen hura berreskuratu dute. Irakurri, ez dagokienei.