argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Beldurrik ez
Uxue Apaolaza Larrea 2023ko maiatzaren 25

Inteligentzia artifizialari buruz hasten garenetan, beldurra sumatzen dut inguruan, eta ez dut lortzen emozio hori sentitzerik. Sentitzen dut espazioaz hitz egiten didateneko txundidura, planetarioan Einsteinen erlatibitatearen teoria azaltzen dutenean sentitzen dudana. Katedralei ere geratzen zaie oraindik hortatik pixka bat, gu baino askoz handiagoa den zerbaiten sentsazioa. Baina beldurrik ez. Errepikatzen den esaldi batek sortu dit kezka. Proposatutako edozeri buruzko testuak sortzen dituenez, orrialde zuriaren sindromea arindu omen dezake.

Hortaz aparte, uste dut lehendik nahikoa izututa nagoela beldur berriei leku egin ahal izateko. Aurrean dudana benetan aurrean dudana den, pantailez ari garenean, ez zait hainbeste inporta, pantailaz kanpo bizitza geratzen bada. Presaka eta denborarik gabe hazten den bizitza, uragatik hozkaka ibili behar ez duen bizitza, arnasa har dezakeena, jatekoa duena, minik ez duena, seguru sentitzen dena. Bizitza horrek hamaika mehatxu ditu dagoeneko, oso optimistak iruditzen zaizkit inteligentzia artifizialak beldurtzen dituenak, nik baino iritzi hobea dute orain arteko munduaz hainbeste oker daitekeela susmatzen badute.

Kezkatzen nau ordea, sormenarekin lotuta, nahasmendu une hori ezabatzeak. Orrialde zuriak kikiltzen gaituenekoa: anabasa horretan sortzen da ideia ero hori, buruan duguna ordenatu ezin, baina irteteko borrokan ustekabeko modu horretan konbinatzen denekoa. Baina berehala pasa zait. Orain arte ere bagenituen orrialderatzeko testuak eskura, zarata lagungarria, baina ez gara inoiz konformatuko aurrean dugunarekin: garunak koska bat gehiago, korapilo bat gehiago, urrats bat harago… eman nahiko du beti. Mende asko dira ideia zoro zoragarriak edukitzen. Inteligentzia artifiziala, bere horretan, izan daiteke horietako bat.