Batzuei berehala sinesten diet, zerbait kontatzen didate, eta ez zait susmorik pizten. Haserretu naiteke, baina sinesten diet. Sinesteak edo ez sinesteak ez du, askotan, egiarekin zerikusirik, egiantzekotasunarekin baizik. Ipuingile ona izan behar da gezurrak egiaren itxura handiagoa izan dezan egiak berak baino. Eta fikzioan desiragarria dena, errealitatean ez da hala izaten. Ez dugu jendeak gezurrak ondo konta diezazkigun nahi, nahiago baitugu gezurra antzeman. Hauteskundeak datozkigu, eta politikak errealitateaz hitz egin behar liguke, egiantzaz, eta egiaz; baina zalantza daukat, ipuinetan bezala, zenbait diskurtsok, berez, bi istorio ez ote dizkigun kontatzen. Esaten digutena, eta ezkutatzen dutena.
Nik Aitor Estebani sinesten diot sexu askatasunaren legea nahasgarria dela dioenean, puntu batzuk argitzea behar duela. Ez nago ados, baina sinesten dut, ez berak agian, baina ordezkatzen duen jendarteak ez duela ulertzen. Esaten ari zenak egiatik asko zuen. Eta, aldiz, ez diot sinesten etxebizitza legeari ezetz esan diotenik eskumenak inbaditzen dituelako. Eta azken hori izan da kanpainan gehien esplotatzen ari direna, sinesgaitzena izan arren. Baina norbaiti ipuin ona iruditu zaio, eta hala izango da, jasotzen duten boto kopurua ikusita.
Hauteskundeak datoz, eta egiaz mozorrotutako erdi-egia eta gezurrak botako dizkigute, eta politika ez da fikziorako eremua; egia bat ondo kontatzea garrantzitsua den arren, eta horretarako batzuetan ez diren istorioak erabili behar badira ere. Baina ipuingileak istorio bat kontatzen digun bitartean, egia bat ikusarazi nahi digu, kontatzen ez duen hori. Politikari batek istorio bat kontatzen digunean, ez du beti azpiko egia hori hobeto ulertarazi nahi, ezkutatu egin nahi du. Ezkutatu egin nahi du, ez duzula uste duzuna bozkatuko. Adi politikariek kontatzen ez dituzten kontakizunei.