Azkenaldian, “gerra hibridoa” gatazka garaikideen forma berria dela esaten da. Gerra hibridoa, arrunki, gatazka militarretik haratago doan gerra moduan ulertzen dugu, konplexu militar-industriala mugiarazteaz gain, “gizarte zibileko” bitartekoak eta subjektuak ere mobilizatuko lituzkeena. Gerra hibridoaren ulerkera horren arazoa, ordea, haren analisi irismen mugatua da. Izan ere, akatsa litzateke gerra hibridoa gerra garaiko tresnatzat soilik hartzea. Gerra hibridoa kapitalak “bake garaian” erabiltzen duen gerra baita. Prozesu horri izena emateko, Abya Yalan aspalditik hitz egin izan da “gerra kulturalez”.
Ekoizpen modu kapitalista gerra-kulturalak sortzeko makina bat da, are gehiago, zibilizazio krisi garaian. “Mendebalde kolektiboaren” inperialismoak gerra kulturalak eta kognitiboak etengabe ekoizten ditu, bere existentziaren eta hedapenaren baldintza gisa. Gerra kulturala ez da soilik NATOren aldeko gerra propaganda, komunikabideen desinformazio kanpainak edo zentsura mediatiko-politikoa. Gerra kulturala bake garaian garatzen den ideologia kapitalista ere bada; hau da, Hollywooden eta Netflixen produzitzen dena, edo Mendebaldeko GKEen bulegoetan ekoizten den Europako Ekialdeko “deskomunizaziorako” errebisionismoa edota Abya Yalako herriekiko inperialismo kulturala.
"Gizarte zibilaren" militarizazioa bermatzeko ezinbestekoa da hura ergeltzea, kapitalaren interesen zerbitzura lan egingo duen kanoi bazka moduan erabiltzeko
Eliades Acostak XXI. mendeko inperialismoa: gerra kulturalak liburuan esaten digun bezala, gerra kulturala ez da soilik gatazka militar zabalago baten barruan erabiltzen den tresna. Tresna izatetik haratago, gerra kulturala gerra konbentzionalaren hitzaurrea eta jarraipena izaten da. Gaur egun, inperialismo kulturalaren azken helburua ez da etsaia den estatuaren muga fisikoak urratzea, baizik eta gizakion arima eta gogoa kolonizatzea. Gerra ideologiko, kultural eta kognitibo horien gakorik adierazgarriena, beraz, horren helburua da: ofentsiba inperialista global berria erakusten ari zaigunez, helburua ez da soilik etsaia den herria ideologikoki desarmatzea (kanpora begira), baizik eta erdigune inperialistan bizi den herriaren zentzu kritikoa suntsitzea eta deuseztea (barrura begira).
Indar produktiboak indar suntsitzaile bihurtu diren kapitalismoaren fase honetan, “gizarte zibilaren” militarizazioa bermatzeko ezinbestekoa da hura ergeltzea, kapitalaren interesen zerbitzura lan egingo duen kanoi bazka moduan erabiltzeko. NATOk munduko herri langileen aurka abiatutako ofentsiban gu ez gaude (soilik) etsaiaren kontrako gerran. Gu (gure gogoa eta arima), erasoaldi inperialista globalaren gerra harrapakin bihurtu gaituzte.