argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Itoz
Uxue Apaolaza Larrea 2023ko maiatzaren 10

Batzuetan ez dakit zein neurritan kapitalismoak eta biok bat egin dugun suntsipen grina batzuetan. Eginak eman zaizkigun, eta gure aukerakoak ez ziren kontuek itogarriak ziruditen, erabakimena, aldaketa oztopatzen zutelako.

Familia, adibidez, diseinatuta dagoen moduan, edozein eraldaketaren guztiz kontrakoa iruditzen zitzaidan, balio kontserbadoreen gordailu, kumearen arrakasta asimilazioan oinarritzen baitzuen. Baina, azkenean, ez zen denon salbaziora eramango gintuen iraultza baten alde atomizatu. Ez gara kolektiboz aldatu, lauko familia nuklear batean gutxienez hiru etxeren jabe izatera eraman gaitu (bakoitzak berea), etxe horiek ordaintzeko hipotekak eskatzera, bakoitzak bere soldata edukitzeko lanera.

Koadrila finkoegiak, bikote  finkoegiak ere oztopo, erlijioak eta nazioak zer esanik ez. Horraino kapitalismoarekin edukitako pseudokointzidentziak, eta ez guztizkoak. Baina lanak ere, hobe malguak, esan digute, hobe bidaiariak, hobe monotonoak ez badira, hobe bihar non egongo zaren ez badakizu. Zure bizitza ere hobe abentura bat bada. Eta dagoeneko sentitzen ditut helburuak guztiz urruntzen. Estatua ere, gure partez erabaki dezakeen zera hori, oztopo, azkenean.

Eta orain, dena atomizatu, baina ezer eraiki ez denean, ez denontzat, batez ere, ez behar dutenentzat, erabakimenak ez du espaziorik irabazi. Bakarrik ere ez baita ezer erabakitzen, bakarrik biziraupenak obedientzia handiak eskatzen baititu. Eta eginak eta erabakimenaren aurkakoak diruditen azken hondarrak ere lehertuko ditugu: osasuna, hezkuntza… osasun-zentroa aukeratzeko, eskola aukeratzeko eskubidea nola uka daiteke, ez?

Eta adinean aurrera ohartu gara zoriontasuna ez zegoela abenturan, errutina atseginetan baizik, bestea ziurgabetasuna eta antsietatea zela; zoriontasuna ez zela bisuteriazko erabakimena, segurtasun kolektiboa zela gehiago. Orain, bakardadea da itogarria, ez irakurtzeko behar dena, ibaia gurutzatzeko zubirik gabe uzten gaituena baizik.