argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Zer ospatua
Uxue Apaolaza Larrea 2023ko maiatzaren 03a

Jende atsegina nuen aurrean irakurle klub guztietan. Ez aberatsak. Langile-klasekoak zirenaren kontzientziadunak, klase ertaina izan arren. Ziur, egunerokoan nahikoa buruhausterekin. Eta nik lau minutu baino ez nituen behar izan kapitalismoa esateko, apokalipsia iragartzeko. Zenezesidade. Ez zuten merezi.

Eta zuei ere zer. Beti haserretik. Beti ezintasunen batetik. Eta orain ere, pentsatzen hasita, esango nuke, seguru, ez dagoela ihesbiderik. Ekonomian, ingurumenean, gerra kontuetan… Kontsumo gaitasuna eskubide bakar, miope ekologikoak, aberatsak, independizatuta, beren kutsatzeko gaitasun infinituaz, urez gainezka. Gerra kontuetan ere, ez al gara gerra bezperako ukrainiar klase ertain bat gehiago. Eraikitako txikia egun batetik bestera galtzeko zorian.

Ez duzue merezi. Nik ere ez. Batez ere, irtenbiderik ikusten ez badugu. Ikusten dugun irtenbide bakarrak eskatuko lukeen indarkeria dosirik ere lortu ezin badugu. Indarkeria une horretan gure taldekoek bortxatuko gintuzketelako.

Baina merezi dugu tragediaren bezperan eguzki-berotan pintxo bat jatea. Ez dakit patata-tortilla bat jamonyorktagaztakin, mosto batekin (Martiniak ez daukagun egun osoa eskatzen duenez). Agian, Arrularen liburuko lehen ipuina dastatuz. Ipuina bukatu. Ingurura begiratu. Hasperen egin. Tragediari aurre egiteko heliozko puxika bihurtu. Errekor badaezpada ere. Baina arin. Zerbait ospatu. Ospatzeko zerbait aurkitu. Beti.