Espainiako Kanpo Arazoetarako ministroak ukatu egin du Espainia Mendebaldeko Sahararen potentzia administratzailea dela. Baina bada.
Urteetan, Espainiak Sahararen gaian neutrala zela zioen, nahiz eta gezurra izan: partziala zen, oso. Marokoren alde. Palestinako Aginte Nazionalak Misio Diplomatikoa du Madrilen; Fronte Polisarioak horrelakorik amestu ere ez du egiten.
Espainiak inoiz ez du ezer egin Mendebaldeko Saharako herritarrek legez dagokien autodeterminazio-erreferenduma egin ahal izan dezaten. Kontrakoa: Marokoren autonomia-proposamena defendatu du, beti.
Espainiak batere arazo barik onartzen du Marokok Mendebaldeko Sahara osoa okupatzea, nahiz eta okupaziorako eskubidea ematen ei dioten Madrilgo akordioek argi utzi zuten Sahararen hegoaldeko herena Mauritaniarentzat zela. Hau da, iparraldeko heren biak okupatzeko eskubidea leukakeela onartuta ere (eta ez dauka), hegoaldeko herena okupatzeko aukera ez dio ezein legek, ez itunek, ez tratatuk ematen.
Zergatik, orduan, Espainiaren jarrera kolaborazionista hori? EAJko diputatu Aitor Estebanek berriki aurpegiratu dio Espainiako gobernuburu Sánchezi immigrazioaren kontrolagatik egiten duela. Arrazoia dauka, baina ez guztiz: ez da arrazoia, aitzakia da. Bestetik, immigrazioaren kontrola oraingo aitzakia da, ez duela 40 urtekoa. Garai hartan droga-kontrola zen. Eta okupazioak beste 48 urtez jarraituko balu, Espainiak beste aitzakia batzuk asmatuko lituzke: klima-aldaketa, tomate-inportazioa… edozer.
Badakigu errege zaharrak saldu zuela Mendebaldeko Sahara. Ez dakigu, sekretua delako, zegan saldu zuen
Benetako arrazoia ez delako horietako bat bera ere, baizik eta monarkia babestea. Horregatik egiten dio Espainiak Marokori men.
Espainiak 1975eko azaroaren 14an saldu zien Mendebaldeko Sahara Marokori eta Mauritaniari. Espainiak 1975eko azaroaren 19an argitaratu zuen Mendebaldeko Saharari uko egiteko legea, sahararrak salduta utzi zituen legea. Bi data horietan Franco diktadorea "bizi" zen, bai, baina jarduneko diktadorea Juan Carlos zen, Espainiako printzea garai hartan. Gaur egun "rey demérito" deitzen duten hori berori.
Badakigu, beraz, errege zaharrak saldu zuela Mendebaldeko Sahara. Ez dakigu, sekretua delako, zegan saldu zuen.
Ondoren, errege zela eta errege zelako han eta hemen egindako negozioetan zenbat diru irabazi duen kontuan izanda, pentsa dezakegu ez zituela merke saldu sahararrak, ondotxo irabazi zuela salmenta horretan ere. Baina, jakin, ez dugu jakingo gaia historia-liburuetan egon arte. Monarkia babestu behar delako.