argia.eus
INPRIMATU
Bakardadea
Eva Perez-Pons Andrade @Eva__96 2023ko maiatzaren 02a

Gustatzen zait bakarrik egotea. Gustatzen zait bakarrik egotea nik aukeratzen dudanean. Gauza bat edo beste dela eta, gutxitan izaten dut fisikoki bakarrik eta lasai egoteko aukera. Gainezka egiten dudanean, nire gelan sartzen naiz jendearen aurrean lortu ezin daitekeen intimitate horren bila. Etenaldi behartu horiek gehiegi luzatu ditudanean nire buruaz gogaitzera heldu izan naiz. Norberarentzako denbora bilatzetik bukle infernaletan amaitzea, ohiko bat. Halakoetan, barrurantz nagoela esaten diet ingurukoei. Bakarrik nagoelako sentsazioa ere oso errekurrentea da nigan; egun guztia jendez inguratuta egon eta inoren ezinbestekoa naizela sentitu.

Maitasun erromantikoak harreman guztiak zipriztintzen ditu, argi dago. Eta ez da bidezkoa, besteak egon badaudelako. Egon badaude uzten ditudan neurrian eta ahal duten moduan. Askotan, besteekiko dugun espektatiben emaitza baino ez da bakardade sentsazioa. Eta zenbat eta prekarioagoa eta indibidualistagoa den gizarte batean, geroz eta zailagoa da harremanak zaintzea, eta gure errealitateak umetatik saldu diguten harreman eredu idealekin konparatzeko dinamika automatikoa da.