argia.eus
INPRIMATU
03:28
Itxaro Borda 2023ko apirilaren 26a

Gauez gobernatzen duten presidenteak badira. Trump, adibidez; ordu gutxitan baino ez zuen lo egiten, eta gero, Twitterren mezuak igortzera lehiatzen zen mentsa bezala. Macron ere halakoxea da: lau oren baizik ez ditu lotan gastatzen eta gainerakoan lanean omen dabil, edo gutariko askoren plantan, insomnio gauetan, mexikar telesail odoltsuak irensten. Ez dira baitezpada etsenplurik hoberenak.

Apirilaren 14an, arrastiriz, eman zuen bere erabakia Kontseilu Konstituzionalak, botere politiko-ekonomikoen aldekoa bistan dena, hotza, psiko-malgorra. Macronek biharamunean bertan, goizeko 03:28ean, ilunaz balia, promulgatu zuen Egunkari Ofizialean, jada forzepsekin iraganaraztea lortu zuten erretreten erreformaren testua. Eta gu, hiritar soil, loti eta alferrok, larunbat azkorrian, irratia piztu eta algara zaintsutan, Jupiterrek legea "katiminian" ofizialdu zuela jakitean. Elisioko perbertso-narzizikoa ebasle baten antzera aritu zen, bere buruaz net harro ez bailitzan.

Neoliberalismoak, naski, loa ere baliogabetu nahi digu, errentagarria ez delako. Lo egitea, alta, ona da norberaren baitan enpatia eta esku-zabaltasuna sustraitzen laguntzeko.