Aspaldian egin gabeko bi gauza egin nituen ostiralean. Taxi bat hartu nuen, eta, ondorioz, irratia entzun. Lehenengo erabakia hartu nuen, Donostiatik Hernanira 20 euro, garraio publiko dirutan merkeagoak eskatzen zidan abentura, euritan, ume batekin, sei ordu autobus batean pasa ondoren, gehiegi zelako. Bigarrena gidariaren erabakia izan zen, irratia entzutearena. Atzeko eserlekuan goxo, erraz etzan zen nire arreta hain ederki modulatutako ahotsen gainean.
Elkarrizketa bat zen, baina biek ziruditen esatariak: biek kontrolatzen zuten ahotsezko sedukzioa, hizkera pausatua, ondo puntuatua: komak, eta puntuak, eta puntu eta komak… “gazteen egoera, hala ere, ez da ona, ziurgabetasuna, ez dakite etxetik noiz joan ahal izango duten…”, baina ba omen daude gauzak, “oso gertuko kontuak, denok egin ditzakegunak”. Horrek ez dauka iraultzaren antzik, pentsatu nuen txantxetan. Ondo jan, ondo lo egin, sozializatu. Ez ahaztu azken hori; jende asko omen dago bakarrik sentitzen dena. Ba ez sentitu, sozializatu, atera lagunekin, edo egin lagunak, edo sozializatzeko behar den hori. Bakardadea baino aspergarriagoa gehienetan, baina beharrezkoa, dirudienez. Pentsatzeak kalte handia egiten du, pentsatzea ez da ona buru osasunerako, eta bakardadeak nahi gabe eraman zaitzake…
Agurtu zuen gonbidatua esatariak, La Brújula zen saioa, Axa aseguru-etxeko pertsona bat bestea. Alegia, iragarki bat zen entzuten ari ginena. Aseguru-etxe batena. A, beste zerbait ere esan zuen adituak, ez dakit zertan adituak: batzuetan ez dagoela beste erremediorik, espezialista batengana jo behar dugula. Noski, ea lan egiteko deituko diguten, eta deprimituta harrapatuko gaituzten (bakardadeak, pentsatzeak, nahi gabe eraman zaitzake…). Edo komeni ez diren espezialistak kontsultatzen, ez dakit, auskalo, Marx, Davis… Ez, gazteok, gertuagoko gauzak: ondo jan, ondo lo egin… izan zoriontsuak. Soziali…