Kanpora joatearen desioa apirileko gorputz askoren nahi indartsu eta konpartitua izan da. Kanpoaldera joan deskantsu bila, gordeta ditugun egonaldien plazerezko memoriak berreskuratzeko, eguneroko erritmo eta toki espazialetik urrutiratzeko, testuinguru aldaketa batek nekean lagunduko duela sinistuta. Ohe desberdin batean esnatu eta beste kafe eta croissantak probatzearen hedonismoan murgiltzeko. Denbora mugatu batez, salbuespen egoeran egoteko leku batek jasotzeko nahiak bultzatuta. Egunerokoaren azkartasunak esaten digu, merezi dugula horrelakorik, ez dela penitentziarako garaia, adiskidetzekoa baizik. Zeozerk zentzurik badu garai honetan, deskantsuari leku egitea da, egunerokoan jarraitzea posible egingo duen bitartekaria. Kanpora iristeko jokaldiak badu ihesaldi baten zantzurik eta oso plurala da gainera, hirietan bizi diren hegaztien soinuek kantatu duten moduan.
Kanpora joatea mugimendu boteretsu bat da, ohitura edo joera baten errepikapenarekin zerikusirik ez duena. Behar fisiko batetik eratorritako mugimendu bat lurraldean eragina duena, gorputz ahultasuna eta agortzea deskubritzen duena, sentsibilitate ekologistarik balego berau lausotzeko gai dena, kanpoalderako joan-etorrian mugikortasun eredu jasangarritik aldenduko gaituena, edota kritikatu ohi dugun turismoaren notizia onen parte bilakatuko gaituena.
Kanpora goaz, barnean ez gelditzeko. Eta kanpoaldea, askotan, landa-eremua izaten da, hiri eta herrien ingurune eraiki eta antropizatutik aldentzea, natura hitz iheskorrak jaso gaitzan. Bertan bilatuko dugu barnean faltan bota edo ez dugun hori, nostalgian eta erromantikotasunean erortzeko arriskuan. Kanpoalde horretan errealitate desberdin asko daude, batzuk ez hain ederrak, baina gure begiradak lurraldea sailkatzen du deskantsurako egokia dena eta ez denaren artean mapatik desagerrarazi arte. Gorputzak baietz dioen arren, lurraldeak dio ez dagoela kanpoalderik.