Pertsona axolagabeak soilik pentsa dezake txorien kantua berdina da beti" esaten zion Rosa Luxemburgek Sophie Liebknechti, lagunari kartzelatik bidaliriko gutunetako batean. Ez da beti berdina izanen, baina entzunez bakarrik ni behintzat ez nintzateke gai jakiteko zein ari den kantuan noiz. Dakidana da udaberriarekin batera hasi dela aurten kantuan Mirua eta aste eroa bukatzeko Oñatira egin dut azken momentuan igande iluntzez (orain deskubritzen ari naiz zer den autoa izatea, flipante). Bide batez Antixena ezagutu eta lagun zaharren batekin topatzeko aitzakia polita.
Gaztetxeko giroa, igande iluntzeko giroa da. Herriko gazteak (eta ez hain gazteak) batetik, taburete altuetan ipurdiak, Cheetos pandilla poltsak eskutik eskura paseoan eta larunbateko juergatik erretiratu ez den baten bat bueltaka. Eta bestetik, herrikoak ez garen desubikatu gutxi batzuk.
Hirukote tolosarrak gogoz heldu dio eten unearen ondotik LP berria aurkezteko birari. Hasteko plaza erraza izan ez badute ere, motibatuta, pozik eta gustora aritu dira kanpora begira behintzat, eta ez da ohikoena izaten. Proba fasean dagoen bossa nova bat erakutsi digute primizian, zuzenekoetan jotzen hasi gara, ikusteko jendearen sentsazioa zein den. Niri gustatu zait. Gitarra akustiko eta elektriko bana daude eszenatokian aparailu digitalez gain, baina horiez harago, haien abestietan leku inportantea dute soka instrumentuek, izan intro gisa, izan kantuarekin kontrapuntoan. Nabari da mundu horretatik datozela.
Iruñeko Beñatekin duten kolaborazioa eta Iruñeko Tatxersen Goizean oskorri kantuaren bertsioa ere eman dituzte azaroan argitaraturiko LPko kantuetaz aparte. Aitortu behar dut orokorrean zaila egiten zaidala bertsioak gustatzea. Oso argi ikusi ohi dut noiz iruditzen zaidan bertsioak originala “gainditzen” duela eta noiz ez duen gehiegi aportatzen. Eta kasu honetan iruditzen zait Miruak ez duela erabat asmatu. Baina barkatzeko modukoa da, denok sentitu dugu tentazioa kantutzar hori bertsionatzeko.
Detailetxo hori alde batera utzita, jende honek oso ongi kantatzen du. Hori horrela da. Eta ez, ez naiz hasiko boomerkeriatan esanez hain ongi kantatuta, ez dut ulertzen zergatik hainbeste efektu ahotsetan, txor txor txor... Ez naiz hasiko, baina pixka bat bai. Eta ez bata bestea baino gehiago edo gutxiago delako, baizik eta inolako gehigarririk gabe hauek bezala kantatzen duenak (nire uste apalean) bide hori gehiago balia lezakeelako, beste batzuek egiten dutenaz aparte badutelako hori bereizgarri gisa. Lili bat ikusi dut kantuaren bertsioaren lehenengo zatia egin dute hiru ahotsetan, garbi, eta gehiagoren gogoz geratu naiz ("gara", esanen nuke). Horrelako bertsio gehiago, faborez.
Ahal izatera, segi ezazue Miruaren hegaldia.