Azken aldian, maiz amaitu dut erlijioez hizketan, ez sakonegi; eta ateoa izateaz, alegia, jainkorik gabe bizitzeaz.
Hemen katolikoak izatea egokitu zitzaigun, eta katolizismoak egitura izugarriak izan ditu, eta dauzka. Zaila da frankismoaz ez gogoratzea, zaila da inmatrikulazioez ez gogoratzea, zaila da bortxatu dituzten haurrez ez gogoratzea, zaila da lapurtu dituzten haurrez ez gogoratzea, bahituta edukitako emakumeez, senarren etxean, edo egoitza maltzurretan, eta abar, eta abar.
Ni ateoa naiz, baina uste dut beharren bat ondo ase gabe geratzen zaigula sinesgogorrei, horregatik agian katolizismoa erantzi orduko bete ditugu armairuak beste mila sinesmenez. Giza garuna ez dakit noraino dagoen prestatuta zoria guztiz onartzeko, eta zoria ez bada, kontrolatzen ez dituen makroegiturek erabakiko dutela bere partez, eta kontroltxo bat lortzeko bidea ez dela ez dakit zer konstelazio (erraza da hori), bide kolektibo oso zail bat baizik.
Ateoa izanda ezin dut zure alde errezatu beste zer egin dezakedan bururatzen ez bazait. Ateoa izanda, baina baita morala ere, noski, ez daukat barkatuko nauen jainkorik, eta morala ere, zaila da barneratutakoa berrikusi eta ondo/gaizki erabakitzea.
Katolizismoak beharrezko gauza batzuk ere utzi dizkigu. Doluaren epeak; dolurako beharrezko agur ekitaldiak; buruak atseden hartzeko edo gogoa goratzeko txiki egiten gaituzten egoitzak, edo ibilian pentsatzeko klaustroak. Katolizismoa, gainera, nahiko festazalea ere bada. Lan egiteari uzteko opor egunak utzi dizkigu, oraintxe datozkigunak, adibidez; jainkoa dutenek hura zain dezatela egun libreetan, ateo maiteok, ea asmatzen dugun guk geure burua zaintzen, barkatzen, geure buruak ez jainkotzen, eta tragediaren ertzean elkarri gerritik heldu, eta hil arte, lanean berriro hasi arte, barkatu, dantzatzen.