argia.eus
INPRIMATU
Apurtxo bat neoliberalak
Ibai Atutxa OrdeƱana 2023ko apirilaren 11
'Lurraz beste'| Garazi Arrula Ruiz | Txalaparta, 2023
'Lurraz beste'| Garazi Arrula Ruiz | Txalaparta, 2023

Benetan maite dut Stuart Hall-ek 1980ko hamarkadan idatzi zuen esaldi bat ezkerreko kontraesan mundutarrak ezin hobeto azaltzen dituena. Hallek zioen (eta irriño maltzur batekin imajinatzen dut idazten): “Noski, denok gaude ehuneko ehun konprometituta. Baina noizean behin –larunbat goizez, agian, manifestaziora joan baino juxtu lehenago– Sainsbury's-era joaten gara eta, apurtxo bat, subjektu thatcheriar izaten gara”. Orain, kendu Sainsbury’s eta jarri Eroski edo BM edo Carrefour edo Lidl edo El Corte Inglés. Bada, Euskal Herriko ezkerreko espektro luze-zabalaz jarduteko balio digu Hallek duela berrogei-bat urte idatzitakoak.

Literatura egiteko lehengai gisa hartu du Garazi Arrulak bizi dugun garai neoliberalaren izaera kontraesankor hori. Zortzi narrazioz osatuta dago Txalapartarekin argitaratu berri duen Lurraz beste eta 2017ko Gu orduko hauek liburuarekin hasitako bideari jarraitu dio idazleak. Onartu behar dut, Halli imajinatzen diodan irri maltzur berarekin imajinatu dut Arrula idazten behin baino gehiagotan.

Narraziogintzaren artearen erabilerarik trebeenak gurutzatzen du liburua. Ipuinera itzulera behartzen zaituzten amaierek eta istorioetako bizitza-txatal xumeek balio dute errealitate neurtezin batez jarduteko. Kontradikzio eta paradoxen zero-gune anonimoetara garamatzate narrazioek. Alokatzeko pisu bilaketak etxebizitza inbertsio-ondasun bilakatu den garaian; laguntasun irekien arteko jeloskortasunak; familia ez normatiboen baitako maitasun normatiboak; kartzelatutako aitarekin eta pandemia garaiko amarekin harremanak; genero disidentziari lekua egiten dioten belaunaldien ulertuak eta gaizki-ulertuak egunerokotasunik arruntenean egiten dute lekua.

Hala, kapitalismo neoliberaleko afektuen eta desiren, jabetzen eta desjabetzeen izaera paradoxikoa ekartzen da literaturara etengabe Lurraz besten. Hallen pentsamenduak bezala Arrularen narrazioek oroitarazten digute gu guztion zertxobait dagoela proiektu neoliberalaren baitan. Ezer aldatuko bada, eseri beharko dugu egia apur horrekin denbora tarte batez.