argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
15 minutuak
Ula Iruretagoiena 2023ko martxoaren 29a

Aurreko hilabetetik hona hirigintzako kontzeptu bat eztabaida publikoan sartu da: 15 minututako hiria. Batzuek susmoa zabaldu dute gertutasuna eta ongizatea bultzatzen duen hiri idilikoaren atzean itxialdi-egitura bat ezkutatzen dela, helburua gure bizimodua ghetto guneetan eta burbuila isolatuetan konfinatzea dela, gizartea kontrolpean izateko. Esan gabeko nahien artean, auto pribatuaren erabilera debekatzea da. 2020ko itxialdian ezarritako neurriak 15 minututako hiriaren aurre-proba bat izan ziren eta orain eredua Europako hirien artean zabaltzen ari da hiri-diseinu politika nagusitzat joaz.

Carlos Moreno hirigileak krono-hirigintzaren bidez denboraren parametroa hiri eta lurraldearen antolaketara ekartzeko proposamena egin du, 15 eta 30 minutuko denborak definituz. Morenori egozten zaio eredua asmatzea, eta gertutasunaren hirigintzari buruzko liburu argitarapenarekin batera sare sozialetan jazarpena pairatu duela salatu du, esan gabeko helburuak ezkutatzen dituen plan baten ideologotzat hartuta.

Demagun baietz, 2030eko Agendaren helburuen artean 15 minututako hiri eredua finkatzea dagoela eta ingeniaritza soziala martxan dutela. Inporta al du horrek, baldin eta gure bizimodua autoaren beharrik gabeko eguneroko bat erdiestea bada? Kontra-argudioak askatasun galtzearen eta totalitarismoaren beldurretan aldrebestuta antzeman ditut, ereduak sustatzen duen bizimoduaren inguruan aipamenik egin gabe.

Ezkertiar politiken diskurtsoetan azkar bereganatu da 15 minutuko hiri eredua hauteskundeen atarian, eta askotan, ereduaren zailtasun eta ondorioak ez dira sakontzera iristen. Baina oinarri teoriko zabalak dituen 15 minutukoaren azken helburua bizi garen lekuarekiko maitasuna sustatzea omen da, maitasuna oinez eta gertu egin beharreko egunerokoan praktikatzen baita. Akaso maitasunari buruzko eztabaidarantz eraman beharko genuke hiri eredu polemikoa.