argia.eus
INPRIMATU
Eskola irauli
Hiruki Larroxa @Hiruki_Larroxa 2023ko martxoaren 28a

Hezkuntza aurkezten dugu jendarte eraldaketarako ezinbesteko moduan. Etorkizuneko jendartea eraikiko duten haur eta gazteek (oraina eta etorkizuna eraldatzea helduon esku egongo ez balitz bezala...) pentsamendu, jarrera eta ekintza zapaltzaileetatik urrundu eta harreman parekideak eraikitzeko modua da. Eta horrela da, bai, jendarte injustu hau iraultzeko, ezinbestean hezkuntzan eragin behar dugu. Nahiz eta jakin hezkuntza zerbait zabalagoa dela, hezkuntza entzuten dugunean gehienoi eskola datorkigu burura. Horri nahi diogu heldu: eskolan zer oinarri dago dominazioaren kulturatik aldentzeko?

Eskola dominazioaren kulturaren birsortzaile gisa aurkeztu dezakegu, jendarte zisheteropatriarkal-kapitalista-kolonialistarako diziplinamendu dispositibo gisa. Baina, bestalde, hezkuntza eraldaketarako ere gako izan daiteke. Gaia da ea horrela izaten ari den edo ez.

Eskolako botere harreman guztien kontzientzia hartu behar dugu, dominazioaren kultura nora arte sartuta dagoen aztertu

Eraldaketarako izan behar bada, bertan ematen diren harremanei erreparatu behar diegu. Izan ere, edukien transmisioa modu hierarkikoan eta norabide bakarrean egin daiteke, baina balioak harremanekin transmititzen dira, bi norabidetako dinamikan eta adibide izanda. Beraz, eskolan ematen diren botere harremanetan fokua jarri behar dugu. Ez soilik ikasleen artekoetan. Hain zuzen ere, soilik ikasleen arteko harremanak problematizatzea da arazoa, eta hori askotan egiten da. Badirudi irakasle-irakasle, irakasle-ikasle, zuzendaritza-irakasle, irakasle-gainontzeko profesional... harremanean ez dela botere harreman asimetriarik. Oker gabiltza horrela pentsatzen badugu.

Gure lanean ikusten dugu, ikasleen arteko harremanak zapaltzaileak direnean, askotan eskolako helduen arteko harremanetan dominazioaren logika indartsu erreproduzitzen dela. Horren ondorioak ere ikusten ditugu; jada eraldaketarako grina galdu duten irakasleak, indibidualismoa, komunitate senik eza... dominazioaren kulturaren ondorio den dominatuaren paralisia eta etsipena.

Horregatik, eskolako botere harreman guztien kontzientzia hartu behar dugu, dominazioaren kultura nora arte sartuta dagoen aztertu. Hori egiten ez bada, alferrikakoak dira balioen lanketak (zer esanik ez kanpo eragileon tailerrak). Balio parekide/feministak zeharka landu behar direla aipatzen dugu beti, baina horretarako aurretik egin beharrekoa zera da: hezkuntza sistema, eskola bera eta bertan dauden pertsona guztiak dominazioaren kulturagatik nola zeharkatuak gauden aztertzea eta hori eraldatzea. Alegia, norberak daukan posizio eta botereaz jabetu eta eraldaketarako agente bihurtzea.