argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Ez dakit
Uxue Apaolaza Larrea 2023ko martxoaren 22a

Gauza oinarrizkoak ez dakizkit. Garbigailua itsuan jartzen dut; berez, ez dakit zein programa komeni zaidan. Ez nago ziur berogailuaren termostatoak etxeko tenperatura ondo antzematen duen. Ez dakit nire etxean zein zomorro dauden. Ez ditut ikusten. Batzuetan ez dakit nire txakurraren begi eta mugimenduek zer esan nahi duten. Ez dakit gauzak izozkailuan zenbat denbora eduki daitezkeen. Ez dakit banketxeko app-a erabiltzen. Batzuetan ez dakit hitz sinpleenek zer esan nahi duten.

Ez dakit berez ulertu dizudan. Ez dakit nire semearen burutik zer pasatzen den. Ondo dagoela sinesten dut, baina ezin dut jakin. Ez dakit badakien esaten. Ez dakit maitasuna zer den, eta, hala ere, badakit gutxienez bost pertsona maite ditudala. Berez, gehienak, ez dakit nor zareten ere. Ez nekizkien hainbeste gauza jakin ditut. Eta ez nekien ez nekizkienik.

Ez dakit gaixotasun isilen bat dudan. Duzuen. Ez dakit oihuka ari zaidan minen bat zaunkalaria izateaz gain, espero baino hozka handiagoa egiten ari zaidan. Ez dakit istripu bat izango dudan. Izango duzuen.

Ez dakit nigan zerbait finkorik baden, ez dakit zerbait hori zer den, nolakoa den, beraz, ez dakit banaizen zerbait, iraunkorra behar badu izateak. Ez dakit norbaitek badakien nor naizen.

Itotzen ari naiz. Zerura begiratu, eta ez dakit norainokoa den. Zerura begiratu, eta badakit txikia naizela, baina ez dakit zein neurritan. Zerura begiratu, eta... zerbait sinesteko gogoa ematen du.

Auskalo. Nik zer dakit. Nik esaldiak egiten baino ez dakit.