Martxoaren 8an Euskal Herriko Mugimendu Feministak zaintza sistema publikoaren aldeko greba bat iragarri zuen udazkenerako, zaintzak ezin baitu negozioa izaten jarraitu. Orain, kalez kale, auzoetan, herrietan, artikulatu behar da greba horretan burutuko den mugimendua. Greba-deialdia, gainera, borroka eguna dena jaiegun bihurtzeko proposamenari (eta aurreko greba feministak esanahiez husteko nahiari) erantzuna da.
Feministok frogatuta dugu irabazitako eskubideek ez dutela betiko irauten, behin eta berriro erasotzen dituztela, eta arriskuan egon daitezkeela defendatzen ez baditugu. Osasunerako eskubide unibertsala omen zena kolokan dago; ezin da onartu ematen ari den osasun-sistemaren pribatizazioa, publikoa suntsitzen den bitartean. Aldi berean, kaleko tentsioa eragiten ari da pentsio-sistemaren mantentzea, eta erretiroa izateko adina atzeratzen eta baldintzak gogortzen dira bitartean, gazteen lanerako sarbidea oztopatzen eta berandutzen. Eta adineko pertsonen zaintza esku pribatuetan uzten ari dira, askotan oso lan-egoera prekarizatuan dauden emakumeen bizkarrean zamatuta, gainera.
Beraz, bizitza erdigunean, badaude grebara joateko nahikoa arrazoi.