Gogoan dut lagunak direla garrantzitsuena bizitza honetan”, irakurri nuen duela ez hainbeste liburu batean. Edo hori dut gogoan nik, ez dakit zehazki hala zioen. Tira, garrantzitsuena ez dakit, baina ondasun preziatua bai, gutako askoren kasuan urria, eta, beraz, urregorria balitz bezala zaindu beharrekoa.
Whatsapp –edo Telegram– taldeetara eduki diskriminatzaileak iristen zaizkigu, txiste edo meme forman, eta kanpainak egiten dira, horiek zabal ez ditzagun, eta are bidaltzaileari hori zabaldu izana aurpegiratzeko. Esaterako, taldekide batek eduki sexista bat bidaltzen badu, kanpainak iradokitzen digu zer egin dezakegun. Noski, mezua ez zabaltzea ariketa erraz samarra iruditzen zait. Besterik da bidaltzaileari –maiz lagunari– errieta egitea, edo taldean sortu den bozkarioari etena jartzea. Hori biolentoa da, eta harreman batzuk alda ditzake –normalean higatze aldera, ez hainbeste sendotze aldera–. Zorionez, ez dut halako mezu motarik jasotzen whatsapp taldeetan, nire estandarren arabera, betiere.
Rage Against The Machine talde amerikarraren "Killing in the name" abesti dagoeneko klasikoak honela dio behin eta berriz: "And now you do what they told ya". Alegia, gutxi gorabehera, eta itzulpena zutabe honetarako hutsala izanik, "eta esan zizutena egiten duzu orain".
Irriño zuztarbako batez erantzuten duzu, ez duzulako giroa gehiegi mikaztu nahi, goizeko hirurak direlako, eta ez diozu "ez nago heriotza-zigorraren alde" belarrira oihukatu nahi
Bada, askoz lehenagotik ezagutzen ez nuen lagun euskaldun batekin nengoela, gau arrunt bateko ordu txikitan, kanta hori jarri zuten tabernan, ozen. Halako batean, estribilloa zetorrela-eta, gerturatu zitzaidan laguna, eta konplizitatez belarriratu zidan lagunartean erabili ohi zuten aldaera: "¡Que ejecuten a Atutxa!".
Ez da segur aski estribillo horrekin egindako hitz-jokorik ezagunena, baina ezagutzen nuen propio moldatutako –eta dezente bihurritutako– mondegreen hori ere. Pentsatzen dut Eusko Legebiltzarreko lehendakari ohi Juan Mari ate-biratzaileari egindako keinua dela, baina Bizkai Buru Batzarreko lehendakari Itxasorentzat berdin balioko luke. Edo, zergatik ez, prezio berean, bien packarentzat. Bi pájaro tiro batez.
Eta irriño zuztarbako batez erantzuten duzu, ez duzulako giroa gehiegi mikaztu nahi, goizeko hirurak direlako, eta ez diozu "ez nago heriotza-zigorraren alde!" belarrira oihukatu nahi, ezezko keinu kondeszendiente batekin batera, kezkatzen zaituelako lagunaren erreakzioak. Zeren agian erantzuna isiltasuna izan baitaiteke, noiz arte luzatuko den ez dakizun isiltasuna. Whatsapp –edo Telegram– talde batean zuk zerbait esan eta inork erantzuten ez duenean bezala.