argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Toledoko itunari kateatuak
Ainhoa Etxaide Amorrortu 2023ko martxoaren 21

Egin zitekeen erreformarik hoberena da. Baliteke bai. Horrek ez du erreforma on batean bihurtzen ordea. Neurriei begira jarrita, ez du balio aurreko pentsio erreformekin kendu digutena berreskuratzeko, ezta gutxiago ere. Hego Euskal Herrian ez da posible izango jubilatzea 67 urte bete arte, eta egiten dugunean pentsioak gaur baino eskasagoak izango dira, pentsioa eskuratzeko baldintzak geroz eta gogorragoak direlako eta prestazioa kalkulatzeko formulek langilea kaltetzen dutelako. Zer berritasun dago orduan? Trukean, pentsio txikienak hobetuko direla.

Agian irakurketa hau arinegia da. Baliteke bai. Izatekotan, balorazioaren fokua erreformak ekartzen dituen hobekuntza txiki horietan bakarrik jartzea bezain arina. Pentsio txikienak hobetzeari garrantzirik kendu gabe, baby boom deritzon belaunaldia jubilatzen den momentuan pentsio sistema publikoaren kostua “neurrizkoa” izateko erreforma hitzartu da. Kontutan izanik belaunaldi hori dela momentu honetan aurrezteko gaitasuna duen ia bakarra, pentsio pribatuen negozioa ez da inolaz ere kaltetuko prestazio txikienak pixka bat hobetuta. Aldiz, urrats bat gehiago da sistema pribatua elikatzeko, horretarako beharrezkoa baita sistema publikoa murritza izatea.

Eta aurrera begira jarrita, zer esan gutxi eman du oraingoz AIReF deritzon erakundearen esku gelditu izana erreforma horren bideragarritasuna neurtzeko eta epaitzeko gaitasuna. Europar Batasunak du azken hitza beraz, eta badakigu honek aspaldi ezarri ziola muga sistema publikoari: Espainiako Konstituzioaren 135. artikulua aldarazi zuen, udaran, erdi ezkutuan, PSOE eta PPren eskutik.