argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Zuei esker
Uxue Apaolaza Larrea 2023ko martxoaren 16a

Dagoeneko gaztea ez zarenaren beste seinale bat da astero ikusten zenuen jende hori desagertu egiten dela bat-batean. Egun batetik bestera, halaxe uzten diozulako parrandak astero egiteari, eta hasten zarelako ortzadarraren maiztasunez egiten. Batzuetan, eskela batean ikusten dituzu hurrena. Baina ostiralean atera egin nintzen, eta zu ere bai. Sagardotegian topo egin genuen lehenengo, taberna batean, gero. Nigana hurbildu zinen, eta zutabe hau irakurtzen zenuela esan. Eta transgresoreago hitza erabili zenuen, eta egiten gaituzu. Eta ni ito egin nintzen, noski.

Ez dakit ze adin duzun, badakit ni baino urte batzuk listagoa zarela, zaretela taldean zenbiltzatenak. Izan ere, nire lehen gaztaroko paisaiaren parte zarete. Emakume horiek zarete, tabernan topo eginda zirrara eragiten zutenak (orain, sagardotegian ikusi eta lasaitua sentiarazten didazuenak). Altu hitz egiten zutenak, erre egiten zutenak, edan, mozkortu, eta ez dakit zerbait gehiago. Poliziaren aurrean ikusi zaituztet, tartean inor gabe, Hernaniko kale erdian oihuka, hitz itsusiak esaten. Militatzen ikusi zaituztet. Eta inoiz ez dut jakin inguruan gizonik bazen, edo ez zen. Ez, ez zeuden. Dantza egiten zenuten, gogotik. Eta ez zenekiten, baina guretzat ari zineten.

Keinuak imitatu genituen, janzkera askatu, sujetadoreak kendu, dantza egin, gogotik, eredua oso guaya zelako. Eta ez zen merkea, ziur, gure paisaia izatea. Emakume horiek zarete, zuen gorputzen bidez bide bat ireki zenigutenak. Ostiralean nigana hurbildu zinenean, zirkulu bat itxi zen. Eskua eman genion elkarri. Elkarrekin transgresoreago izan gaitezke, aspaldi delako tabernan bakarrik ez gaudela, aspaldi delako, noizean behin, erridikulua atarian geratzen dela; gure parrandak epikoak direlako. Zuei esker. Laurogeita hamarreko hamarkadan tabernetako batailak irabazi, eta parrandak konkistatu zenituzten emakumeei esker.