Bitxi bat da esku artean dugun album hau. Berezia da Ikas argitaletxeak eskaintzen digulako, ohi bezala, oso prezio onean; are bereziago Eneko Bidegainen eta Anne Baskaranen lehen lana delako haurrentzat (horrela dela uste dut nik behintzat), eta bitxia eta berezia kontatzen digun istorioagatik eta kontatzeko moduagatik.
“Xuban zerura begira egoten zen, orenak eta orenak”. Horrela abiatzen da izarrak gai nagusi dituen istorioa. “Izarrek liluraturik, ameslari” egon ohi zen Xuban eta horrela bururatu zitzaion sosak irabazteko modua: izarrak harrapatzea eta saltzea.
Ideia horretatik abiatuta, gizakion jokabidearekin, dirua eta desioaren nahiak bultzatuta gure ingurua nola honda dezakegun ageri zaigu liburu eder honetan. Izan ere, Xubanek izar guztiak salduko ditu, eta horrek hainbat eta hainbat arazo sortarazi dizkie izar gehiago nahi dituztenei edo izarrak dituztenei. Baina baita izarrei beraiei ere; izan ere, elkarren argitasunari esker egiten dute argi baina, banaka, sakabanaturik, hiltzen eta itzaltzen joango dira.
Anne Baskaran ezaguna da zenbait kolaborazio egin dituelako aldizkari edo egunkarietan (Berriako Mantangorri gehigarrian ari da aspaldi honetan) eta bere kolore pastelekin, pertsonen aurpegien detaileekin, paisaia zabalekin… gozotasuna eta errealismoa islatzen ditu, biak batera.
Izar saltzailea liburuak naturaren defentsaz dihardu, planetan ari garenaz gogoeta egiteko moduko lana dugu, baina hori guztia kontakizun atsegin eta gozo baten bitartez azaltzen zaigu; idazkera eta ilustrazio landuaz, erakargarri eta, era berean, kezkaturik uzten gaituen obra da.
Izarrak zeruan egotetik desagertzeko zorian egotera pasatzen dira; gure inguruarekin gertatzen ari den bezala, gure zelaiak, basoak, itsas bazterrak eta mendiak zaindu eta goza ditzakegu; edo une bateko zoriontasuna erdietsiz hondatu betiko. Bidegainek eta Baskaranek, baina, amaiera itxaropentsua eskaintzen digute, gizakion borroka eta elkarlanari esker zeruaz, gure planetaz, gozatzeko aukera eskainita.
Album eder hau, beraz, ez da dirudien bezain sinplea, eta bada dirudien bezain eder eta irakurgarri/kontagarria.