Pandemiak kolektiboki zenbateraino eragin gaituen sakonean aztertu gabe jarraitzen badugu ere, ez da gehiegizkoa “gureak” egin ditugun aldarrikapenak utzi dizkigula esatea. Horietako bat, zaintzak erdigunean jarri behar ditugula behingoz.
Zaintzaren auzia geroz eta zentralagoa da Euskal Herrian, zaintza krisiak horrela eskatzen duelako eta hori ekartzen duelako neurri batean; eta Euskal Herriko Mugimendu Feministari zaintza lanak, langileak eta zaintza antolatzeko ereduak eztabaidaren erdian kokatzeko egiten ari den ahalegina aitortu behar zaio, ezinbestean.
Tamalgarria da Emakunde “Emakumeak gora!” esaten ari den bitartean, garbitzaileak ikustea lurretik eta Ertzaintzaren eskuetan kolpatuta
Mugimenduak erakutsi du ez duela “Zaintzak erdigunera!” aldarria edukirik gabeko diskurtso bihurtzen uzteko asmorik. Zaintza lanak kolektibizatzea, zaintza-lanaren balioa handitzea eta profesionalizatzea, zaintza-eredu emantzipatzailea eraikitzea aldarrikatu du aurten: helburu bakoitzerako neurri zerrenda bat adostu eta plazaratu du. Azpimarratzekoa da, gainera, Martxoaren 8aren atzetik datorren dinamika baten baitan kokatzen duela hori, urrats berriei bide emango dioten mobilizazioak izango direla iragarri baitu mugimendu feministak. Edukiak, Mugimendua, egiturak eta bidea. Ekimena eta kemena, aldarrikapen soil bat sakoneko aldaketak eragin ditzakeen borroka bihurtu dadin.
Tamalgarria da Emakunde “Emakumeak gora!” esaten ari den bitartean, garbitzaileak ikustea lurretik eta Ertzaintzaren eskuetan kolpatuta. Tamalgarria, auzia kristalezko sabaian kokatzea, zoru itsaskorra apurtzeko erantzukizun politikorik hartzen ez denean. Emakumeak gora, bai, zaintzaren ardura eta zama banatzen direnean. Lidergoak, bai, botere harremanak iraultzea helburu duten borroketan.