argia.eus
INPRIMATU
Non dira gazteak?
Eneko Gorri Gantier 2023ko martxoaren 01

Abendu erditsuan, Akizen. Epaitegiaren aitzinean hamarnaka militante bilduak dira, uztailaren 23ko mobilizazio egunean atxilotutakoen sustenguz. Haizeak eraman ditu goizean euriz kargatutako hodeiak eta eguzkia hasia da bazterra berotzen. Bertaratutakoen artean, usaiazko erritual bat martxan ezartzen da: aspaldiko bidelaguna agurtu, elkarren berri hartu… eta berriz ere gazte gutti hurbildu dela deitoratu. “Ostegun arratsaldea da; batzuk lanean dira behar bada?!”.

Urtarril hasieran, Baionan. Lagun baten urtebetetze festan, 70 urteko amatxi kaskazuri batekin mintzo, zigarreta esku batean, edalontzia bestean. Bestaren giroaz eta beste zertzeladez solasean ari ginela, inolako loturarik gabe tirada nostalgiko batean abiatzen da beren urrezko garaiari buruz, lehen borrokatzea zer zen bazekitela… eta oraingo gazteen indibidualismoari buruz marmarka! “Ostatura noa basoa betetzera. Zerbaiten beharra baduzu?” –ez nintzen sekulan itzuli harengana–.

Otsaila erditsuan, Itsasun. Mugimendu abertzalearen 60. urtebetetzearen karietara, Bagira mugimenduak transmisio historikoaren abiatzea ospatzen du. Oholtzan, belaunaldi desberdinetako lekuko interesgarriak eta gelan jende asko… baina askoren erranetan –berriz ere– gazte gutti. Alta, haientzat antolatua izan omen da. “Haientzat, baina haiekin?”.

Herri mugimendutik zama asko ematen ari gara gazteen bizkar gainean. Dena ez da eder. Baina kulpabilizazioa, kritika obsesionala eta nostalgiarekin ez gara aitzinatuko

Azken asteetan bizi izandako eszenatxo horiek ez dira kasu isolatuak. Eta banuke horrelako beste adibide asko partekatzeko aukera. Badakit negu beteko giroan ez dela beti erraz optimismoaren betaurrekoekin jantzirik etxetik ateratzea. Kontziente naiz ere Euskal Herria askatu eta mundua aldatu nahi zuen belaunaldi baten ametsak ez direla (osoki) bete eta horrek frustrazioak ekartzen ahal dituela. Belaunaldien arteko harremana eta elkar ulertzea ez da beti erraza. Ados!

Baina iruditzen zait, hala ere, azken aldi honetan, herri mugimendutik zama asko ematen ari garela gazteen bizkar gainean. Jendartea, engaiamendu formak eta testuinguru politikoa aldatu dira. Baina gazteak beti hor dira. Libertimenduekin herriko plazak berreskuratzen dituzte. Oholtzara igotzen dira publiko aitzinean Bertsuxurlatzeko. Show-ak antolatzen dituzte barnekaldean heteronormatik kanpoko sexu-nortasunak ahalduntzeko. Kaskaroten tradizioa erreberritzen dute gizonezkoen monopolioa irauliz. Gaztetxeak, herriko bestak, herriko elkarteak… biziarazten dituzte. Eta 30 urte baino gehiago ditugunon radarretatik kanpo gertatzen diren beste gauza asko ere egiten dituzte, ilusioz, ausardiaz eta haien kodeetatik.

Dena ez da eder. Baina kulpabilizazioa, kritika obsesionala eta nostalgiarekin ez gara aitzinatuko. Beraz, bakean utz ditzagun gazteak… Edo belaunaldi bakoitzak egin dezala bere aggiornamentoa.