Aukera gutxi zeuden La amiga de mi amiga (Zaida Carmona, 2022) filma ikusteko, ekoizpen independente hau oso zinema areto gutxitan estreinatu delako. Bizkaia osoan areto bakarrean egon da astebetez ikusgai. Ikus-entzunezkoen munduak milaka aldiz hitz egin du gizakien arteko maitasun harremanez eta gehienak ikuspuntu erromantikoaren begiradatik kontatuak izan dira. Baina Zaida Carmona zuzendariak bere lehenengo lan luzean eskaini behar zuen begirada pertsonalak pizten zidan jakinminak bultzatua, baita lagun on baten gomendioei jarraituta ere, ikustera animatu nintzen.
Filma maitasun harreman baten amaierarekin hasi da. Ezin zuen bestela izan. Hortik abiatuta komedia erromantiko ezohiko batekin egin dut topo. Aktore gehienak zuzendariaren lagunak dira, eta lokalizazioak Bartzelonako beraien ohiko topalekuak. Freskotasuna eman beharko liokeen ezaugarri horrek hainbat unetan filmetik atera nau. Askotan pertsonaien arteko hizketaldiak eta interpretazioak gordinegiak iruditu zaizkit. Kutsu naif bat jabetu da giroaz filmak iraun duen ordu eta erdian, eta noizbehinkako umore momentuak ez dira nahiko izan filmaz gozatzeko.
Filmaren bertuteak, edo interesa piztu didatenak, beste batzuk izan dira. Maitatzeko eta harremanak izateko modu anitzak aztertzen dira pelikulan, elkar gurutzatzen diren hainbat emakumeren arteko harreman sexu-afektiboen bidez. Horrela, maitasun erromantikoaren gabeziekin batera, bestelako harremanen hutsune eta akatsak jarri ditu zuzendariak mahai gainean. Etiketa desberdinak dituzten maitatzeko beste modu hauek (polimaitasuna, anarkia erlazionala...) kapitalismoaren eta kontsumismoaren dinamikak guztiz irentsi dituela agerian geratu da. Gorputzen kontsumo azkar eta hotz hori bizi dugun prekarietatearekin lotu du Zaida Carmonak. Gure bizimoduak eta lanak, edo honen ausentziak, gure harremanak zeharkatu eta baldintzatzen dituzte guztiz. Ardura afektiboa, errespetua eta oreka ezak distira egiten du lan honetan agertzen diren harreman gehienetan. Amodio erromantikoaren heriotzak, ustez askatu behar gintuen arren, betiko gaitzetara kondenatuta jarraitzera eraman gaituela salatu nahi izan du zuzendariak.
Zapore gazi-gezarekin atera naiz zinema aretotik. Pelikulak ez du nire gosea asetu. Filmaren beraren gabeziez gain, guztiz etsigarria da maitasun erromantikotik kanpo eredurik ez izatea eta kontsumo gizarteak harremanetarako moduak guztiz irentsi dituela jabetzea.Gizartea gure gorputzetan eta hauen arteko harremanetan islatzen da, baita sexua ekuaziotik kanpo geratzen denean ere. Moduak eta bideak badaude, egon behar dute. Burutu behar ditugun beste askapen guztiekin bezala, egunez egun sortu beharko ditugu.