argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Bio
Ula Iruretagoiena 2023ko martxoaren 01a

Eko-krisiak bio-zentrismoa ekarri du mahai-hizketaldira. Gizateriaren iraungitze posibleaz hitz egiten den garai honetan, “nola iritsi gara honaino? “galdera erretorikoa egiteak zentzua hartzen du. Eta erantzun posible bat, gizakiak ingurune naturala ustiatzeko leku bezala ulertu izana da. Androzentrismoa deitzen zaio natura gure erabilerarako tresna dela ulertzeko modu honi. Horregatik ulertzen dugu gu eta natura gauza desberdinduak garela, gainontzeko izaki bizidunen gainetik gaudela eta beraz gure bizimodua bizirauteko beste espezieekin bukatzea zilegi dela, eta gainera, gainontzeko izaki bizidunen artean, inteligenteenak garela eta ahalguztidunak.

Gizakia eta ingurune naturala ulertzeko beste modu batzuk azkar zabaltzen ari dira, ingurumen krisiari irtenbidea bilatzeko edo besterik ez bada, bizi dugun egoerari zentzua topatzeko. Bide honetatik, Bilboko Azkuna Zentroan “Zientzia Frikzioa. Bizitza espezie lagunen artean” erakusketak naturarekin harremantzeko beste helduleku bat eskaini du. Maria Ptqk-ren komisariotzapean, zientzietako eta praktika artistikoetako lanak jaso dira, gure planetan gertatzen den bizitza elkarrekin harremantzen diren izakien arteko sare bat bezala azaltzen dutenak, aldakorra; biologia taxonomia beste bat. Gizakia beste espezie askoren artean ko-bizitzan dagoenean, indibiduoa eta autonomia kontzeptuek zentzua galtzen dute. Apaltasun leku bat berreskuratzen da, non bizitzarako ezinbesteko diren espezie, organismo eta mikroorganismoei begira jartzen gaituen, denen balioaz jabetuz eta elkarbizitza sinbiotikoan bakoitzaren papera goraipatuz, bestelako bizitza formak deskubrituz. Dikotomiak errealitatea azaltzeko gaitasuna galtzen du, pluralitateak irabaziz.

Kosmobisioak kultura bat eraikitzen du, eta era berean, kulturak lurraldearen arkitektura bat. Horregatik biozentrismoaren biraketak pentsamendu eta ekintza esparru zabaletan eragina izan lezake. Iraulketarako balioko ez balu, etorkizuna irudikatzeko izan dadila.