Eztarriko mina, karga buruan, ezin ondo pentsatu… gaixotze lehen fasean nagoela uste dut. Gaixorik. Askok beldurra diote berbari, ez da harritzekoa pasatu ditugun urte biak pasata.
Gaixorik ei dagoela euskal gizartea makina bat bider leporatu digute. Birus barik. Gure eritasuna kontzeptuala eta morala da, antza denez. Baina Mendebaldean —mapamundiaren ipar-mendebaldean— zein sozietate ez dago, bada, gaixo? Begiak itxita bizi gara-eta guk eta gure aurrekoek eragindako injustizia, lapurreta eta gerren aurrean. Hemen ondo bizitzeko, ingurua txikitu eta hor konpon beste guztiak.
Norbanakook ere gaixo gaude. Pandemia osteak azaleratu eta indartu dizkigu barruan generamatzan ondoezak. Intsatisfazio infinitua bizi dugu, oro har, dena lor genezakeela saldu zigutelako. Saldu eta guk erosi. Frustrazioaren zuloan jausita gaude, noraezean. Muntatu dugunari jakin barik zelan buelta eman.
Izan nezakeen gripea joan liteke deskantsatuta eta denboraz. Gure artean instalatuta dagoen gaitza (esanahi guztietan) ez du ez loak ez parazetamolak osatuko. Lan itzela dugu mundu osasuna eskuratu gura badugu.