Klima larrialdian aitzina egin ahala geroz eta bortitzagoa eta konplexuagoa bihurtzen ari zait erronka ekologikoarena. Eta ez dit bakea ekarri Fin du monde et petits fours: Les ultra-riches face à la crise climatique (“Munduaren bukaera eta ‘petits fours’-ak: ultra-aberatsak krisi klimatikoaren parean”) liburuak dakarren tesiak, zeinak dioen klimaren auzia bideratzeko estrategiarekin dabiltzala ultra-aberatsak. Alderantziz, konplexutasuna are konplexuago eta bortizkeria are bortitzago bihurtu zaizkit. Har ditzagun azken egunetako bi aldaketa politiko. Bata, segurtasun nuklearraren bermatzaile IRSN egitura desegiteko Frantziako Gobernuak hartu erabakia –paraleloki, erreaktore nuklear gehiago eraikitzeko eta orain arteko 56 erreaktoreen biziraupena luzatzeko erabakiak plazaratuz–. Karbono neutraltasuna lortzeko baldintza omen da nuklearraren garapena; trantsizio ekologikoaren alde doan energia berdetzat daukate. Bestea, kasuan kasu, oinarrian erregai fosilak –petrolioa, karbonoa eta gasa– dituzten ekoizpenei ere “hidrogeno berdea” izendapena zabaltzeko Europako Batzordeak duen asmoa. Funtsean, nuklearra ere energia berdeetan sailkatzea erabaki zuen iaz. Trantsizio ekologikorako dirulaguntzak errezibitzeko eta aurpegi garbiketarako ongi etorritako aldaketak dira boteredun klimatizidentzako.
Erronka ekologikoa dorpetzen digu nozio eta helburuen lapurreta horrek: "Energia berdea", "trantsizio ekologikoa", "klimaren aldeko borroka"... Hitz klabeak berenganatzen dabiltza, azkenean ezer gutxi aldatzeko. Ekologistei ariketa zailtzen die, batez ere munduko aberatsenen eskuetan diren sare sozialetatik eta burtsan salerositako akzioen bidean finantzaturiko mainstream komunikabideetatik informatzen baldin bada herritarra, horiek ez dutelako ñabardura azpimarratuko.
Baina, nozio horien lapurreta salatzera eta termino horien funtsezko mamia oroitaraztera datorren mugimendua ere loratuz doa. Hor dugu Euskal Herria Bizirik plataforma berria. "Natura benetan babestuko duen politika bat eskatzen dugu, eta gure habitata babesteko, inbertitzaileen diru goseari men egin gabe". "Benetan" hitza zehaztu beharra ere bada zerbait... baina horretan gara, alde guzietatik entzunen dugulako "klimaren aldeko" nahikaria. Kontua da bi kontrako logika daudela hiztegi beraren pean: bata diru-goseak bideraturikoa eta bestea amalurraren defentsak.