Ondo pentsatu behar da politikari bati konplimenduak egin baino lehen, ia beti dago inozo itxura emateko arriskua, ia inoiz ez baitakizkigu atzean dauden arrazoiak, politikariaren bando osoa erosi dugula uler daiteke gainera, ulertu nahi daiteke gainera. Baina ondo pentsatu behar da politikari bati egiten ari zaizkion barreei batu aurretik ere, iseka nondik datorren, oso arrunta baita besteari garela uste, eta geure buruari barre egitea.
Zentsura-mozio batean senarra baino hobeto aritu zela esan zion eskuindar batek, eta kezkatu egin zen ea harremanean horrek arazoak sortuko zituen. Supermerkatu bateko kutxazain izan den bat nola iritsi daiteke dirudunen alfonbrak zapaltzera, gizon baten bidez ez bada? Galdetzen dute etengabe sareetan. Ez dute gehiegi sinesten beraien sisteman berean. Zakilen bat ahoratu behar izan dugu beti, literalki, edo ez. Askotan irudikatu dute belauniko. Sareetan hori ere, baina ez bakarrik. Politikari, berriro, eskuindar batek argitu du: zauriak omen ditu ahoan, Iglesiasen zakila zurrupatzeaz.
Diskretuago ere jarri dute zalantzan, behar izan denean, gertuago dituenek, urrunetik hala ere. Horiek arduragabe itxura eman nahi diote, txoriburu agertu. Legez lege. Lege feministaz, lege feminista. Zentzudun plantak egin eta denok “baina”-ka jartzen gaituzte, hiperzaindari, berriro ere.
Berdin zait zein alderditakoa den. Berdin zait alderdi horrek zer kontraesan dituen, zer desaktibatu duen kalean, behar bezain ezkertiarra den termino absolutuetan. Irene Montero iraintzen dutenean, ni iraintzen naute, gu iraintzen gaituzte, eta gure mugak zein diren gogorarazten digute. Berdin zait zein alderditakoa den, eginean erakusten ari da feminista dela. Ez diezaiogun geure buruari barrerik egin.