Delacroix-en La Liberté guidant le peuple (Askatasuna, herriaren gidari) koadroa ageri da giza eskubideeen sarreran, Euskarazko Wikipedian. Ederki ekarria dago, nire iritziko, pintorearen irudi erromantikoa: askatasunarekin estuki lotuak dira giza eskubideak. Alabaina, askatasuna zer den ziklikoki galdetu beharreko auzia iruditzen zait. Sasoi orotan.
Gaur den egunean, adibidez, ez dakit libertatea herriaren gidari ote den. Duda handiak ditut. Diskurtso-praktika garaikideak ikusita, beharbada hobe genuke esatea libertatea norbanakoaren gidari dela; are eta gehiago, norbera dela libertatearen gidari. Hartara, zenbait aldarrikapen lekuko, norbera da gako askatasunaren eta, ondorioz, eskubide batzuen formulazioan.
Euskararen arloan ere badakusat arestiko kulturaren arrastorik. Alde batetik, hizkuntza ez ikasteko eskubidea aldarrikatzen dute zenbaitzuek, harro eta ozenki. Beste alde batetik, hizkuntzaren erabilera askea aldarrikatzen dute beste batzuek: egoera soziala edozein dela ere, etxeko/herriko euskaran aritzeko eskubidea. Utikan besteak, euskararen herria edota komunikazio gaitasunak! Utikan, funtsean, modu naturalean –ahaleginik gabe– norberari eman ez zaiona!