Kostata onartzen dugu, baina mundu zikin batean bizi gara. Pantailetan mundu garbi samarrak ikusten ditugu –eta ikusi nahi ditugu, halakoetara ohituta–, film historikoetan, koroak eta jantzi dotoreak ia beti daude aratz eta distiratsu, narrazio beltzetan erakusten diguten gai zikinena odola da eta istorio fantastikoetan ikusgarritasunak ezkutatzen ditu balizko lizunak. Egia da horietan guztietan badela itxura zikineko jendea, baina pertsonaia satsuen kuotak jende txiroa eta gaiztoa irudikatzeko baliatzen dira gehienetan. Eta iragarkietan, nekez ikus daiteke zerbait edo norbait zikin (ez bada garbitzeko gailu edo produktu bat saltzeko).
Hala ere, guztiok dakigu gure egunerokoa ez dela pantailetan bezain txukuna, pantailetako xahutasuna imitatzen saiatuta ere.
Egia da, bestalde, albistegietan bestelako zikinkeriak erakusten dizkigutela –segur aski gure beldurrak fresko eta mardul iraunarazteko–: gerrak, bortizkeria, goseteak, hondamendiak… Baina halakoak ez ditugu sailkatzen zikinkeria gisa gure burmuinetan, besteak beste, ezin ditugulako ukitu eta ez gaituztelako ukitzen –etxean sortzen den hautsa edo bestelako zikingarriak ez bezala–.
Ez zaizkigu hain higuingarri egiten guk sortutako hondakin gero eta sofistikatuagoak, gure bistatik aparte utziz gero behinik behin
Oraindik Hondamendia ikusi izanaren eraginpean –non estetika, edukiarekin bat eginik, garbiki zikina baita, ikusleak deseroso sentiarazteraino–, hasi naiz pentsatzen zikintasuna zer den. Eta ohartu naiz zaila dela konklusio argiak ateratzea.
Susmoa dut, ordea, zikin, nazkagarri, jotzen ditugula gizakien eta oro har izaki bizidunen oinarrizko beharrei lotutako materia organikoak –adibidez, gorputzaren ziloei darizkien substantziak–, eta ez zaizkigula hain higuingarri egiten guk sortutako hondakin gero eta sofistikatuagoak, gure bistatik aparte utziz gero behinik behin –adibidez, zabortegietan–.
Batzuetan, arteak eta artistek –batik bat ikuskizun handien zirkuituetatik aparte ari direnek– asmatzen dute erakusten jende eta jendartearen tatxak. Behin kontatu zidaten: artista plastiko batek, ez dut gogoan nork, sardina fresko zilarkarekin osatu zuen svastika erraldoi bat erakusketa batean –non usaina gero eta jasanezinago bilakatu baitzen sardinek freskotasuna galdu ahala–.
Axuten Hondamendia antzezlanari antzeko ahalmena ikusi diot gure kontzientziak iratzartzeko. Zaldibarko zarama-hondamendia du abiapuntu, baina harago doa, hedabideetan, gizarte- eta botere-egituretan eta giza-harremanetan pilatzen dugun zakarra gure aitzinean paratuta.