argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Aktibo
Uxue Apaolaza Larrea 2023ko otsailaren 09a

Gustatzen zaizun lan bat eduki, beti lan egiteko gogoa izateko. Etxea txukun izan. Ordenatuta. Zeuk bakarrik ikusiko baduzu ere inoiz gonbidaturik ez daukazulako. Larrua jo laurogeita hemeretzi urtera arte, alegia, bizitza sexual aktiboa izan (aktiboa, beti da garrantzitsua dena aktiboa izatea). Gailu asko daude hori gauzatzeko, bitarteko asko nekeak itzalitakoa sasipizteko. Gustatzen zaizun moduan, zarena adierazten duen, edo izan nahi duzuna islatzen duen moduan jantzi (horretarako hainbat txantiloi daude bazter guztietan). Ondo jan. Kirola egin. Mendira joan. Atera, atera lagunekin zerbait hartzera.

Hori nire borondatez egin behar dut. Oso nire hobe beharrez. Kontua da libratu ezin naizen gauzen zerrenda luze-luzea dela. Zakarra atera, adibidez, egin behar izaten da. Ondo bereizita. Ontziak eta arropa garbitu. Etxe osoa. Tira, ia osoa, oso maiz, eta beste gauza batzuk ez dakit zehazten zenbatero (kristalak?). Gogoratu oihalezko poltsa erosketa egiteko. Eta jantzi, lan egin behar izateko fortuna baldin baduzu, jantzi egin beharko duzu, garbi. Zu ere garbi, dutxatu beraz. Erosi; hori guztia egiteko zerak erosi. Eta umeak badituzu, zerrenda amaigabetzen da.

Eta politikariak, ideiaren bat badarabiltela adierazteko, ideia hori dioten norabidean doala frogatzeko, ez-ideia berari lotzen zaizkio (gero elkarri errepikatzen dioguna): borondatea, esfortzua… indibiduala, gurea. “Denok” egin behar dugun esfortzuren bat aipatzen dute, “herritarrak” kontzientziatu behar direla esaten dute. Alegia: ez dakigu zer egin, ezin da ezer egin, ez dugu ezer egin nahi, esaten ari garenaren kontrakoa egiten ari gara, segi zuek eginean, arraunean ari bazinate bezala, ontziren bat badela sinetsita.

Eta aktibo segi. Ez gelditu. Ez gelditu alferkerian. Ez pentsatu, beraz; ez irakurri, beraz. Jo larrua laurogeita hemeretzi urte eduki arte.