Maiatzean Hego Euskal Herrian izango diren hauteskundeei begira daude alderdiak dagoeneko. Ia egunero hautagai baten aurkezpena dugu, talde batek edo besteak izango duen alkategaiaren iragarpen publikoa. Berdintasun Legeak 2007an ezarri zuen generoen parekidetasunaren beharra zerrendak egiteko orduan, eta horrek emakumeen bilaketa eskatzen du, baita emakume zerrendaburuena ere.
Zaila omen da lehenengo postuetan joan nahiko luketen emakumeak aurkitzea; ez dute nahi, antza. Konbentzitu nahian, presioa (berriz ere) haiengan jartzen da, ahaldundu daitezen, urratsa eman dezaten. Baina lagun batek duela gutxi galdetu zidan bezala, zertarako? Patriarkatuaren atzaparretan akabatu ditzaten? Neurtzeke dago emakumeek zenbat legealditan irauten duten kargu batzuetan, gizonek zenbatetan errepikatzen duten hautagai moduan, eta bereziki horren atzetik dauden arrazoiak zein diren.
Foro publikoan ari diren emakume talde batek duela gutxi salatu duen indarkeria presente dago politikan. Batzuei kostatzen zaie genero alborapena ikustea, gizonen (batzuen) aurka eragindako biolentzia ere eragindakoa baita. Baina gauza bat argi dago, beharbada ez dute (zu) emakume izateagatik eragiten, baina bai (haiek) gizonak direlako.