argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Kalera, erretreta izango dudan jakin ez arren
Ainhoa Etxaide Amorrortu 2023ko otsailaren 07a
Baionan erretreten erreformaren kontra egindako mobilizazioa (argazkia: LAB)

Kalera atera naiz, erretretarik izango dudan ez dakidan arren” erantzun zion kazetariari gazte batek Baionako mobilizazioan. Erantzunak zer pentsatua ematen du. Pentsio sistema publikoa ongizate ereduaren oinarrietako bat da, eredu sozialaren ardatza. Lan merkatutik kanporatua izatean bizirauteko dugun baliabidea, bizitza osoa lanean aritu ostean zahartzaroaz disfrutatzeko dugun eskubidea… guztiok begiratzen diogu zahartzaroari pentsioan pentsatuz. Eta gaztearen erantzunak erakusten duenez, geroz eta gehiagok begiratzen dio inolako ziurtasunik gabe.

Produktiboak izateari uztean langileok zama garela pentsarazten digun diskurtsoan hazi eta hezten ari dira langile belaunaldi berriak

Erreformaz erreforma, finantza sistemak nahi gintuen eta behar gaituen lekuan jarri gaituzte gobernuek. Nahikoa izango den, pentsiorik izango ote dugun… Zalantza horrekin ari gara erabakitzen zer egin, sistema pribatura jotzearen aukera elikatzen duen pentsamendu markoa apurtzen ez dugun bakoitzean.

Pentsio publikoen eztabaida kostuan zentratzen duen, eta produktiboak izateari uztean langileok zama garela pentsarazten digun diskurtsoan hazi eta hezten ari dira langile belaunaldi berriak. Apenas entzuten da pentsioen finantzazioa kotizazioetara mugatzea Toledoko Itunean erabaki zela, edota sistema publikoa herritarrek sortzen dituzten baliabideekin sostengatzea posible ez ezik, bidezkoa eta zilegi dela.

Belaunaldien arteko elkartasunean oinarritzen den pentsio sistema publikoa, langile belaunaldi ezberdinek eskuz esku eta elkarlanean defendatzea. Hori da borroka honek behar duen diskurtsoa, iruditegia eta pentsamendu markoa eraikitzeko bidea. Ahaztu gabe, “eta orain zer” dela emakume askoren zalantza, bizitza osoan zaintza lanetan egin ondoren.