argia.eus
INPRIMATU
Larrekoa, Gutenbergen tramankulua eta ChatGPT
Jon Alonso 2023ko otsailaren 01

Nire adiskide batek –aski maltzurra berau– esan ohi du horrenbestetan eskatzen dugun euskararen normalizazio betea inoiz gertatzen bada, lehen ondorioa bertsolaritza desagertzea izango dela. Ez da jendaurrean esaten ausartzen, ordea, ez baita zuzentasun politikoaren legeak hautsi zale. Nire aldetik, ez dut ukatuko hizkuntza larrekoa noranahiko bihurtzeko prozesuan bertsolaritzaren ekarriak eduki duen garrantzia. Gainera alferrik litzateke: Oteizak, erdaldun jenial hark, ehun mendeko alibia eman zion euskal bat-batekotasunari. Eta gure zientifikorik ezagunenak berretsi. Zer dezake ba, guk, hilkor arruntok, kontra esango dugun ezerk? Izan ere, ba al da errealitatean bertsolari on batek, hamar segundoz, eta sakontasun osoz, hamar-zortziko neurrira errendituko ez duenik? Gutenbergen tramankulua zokobetailu astun bat baino ez da. Gainbaloratuta dago. Nekez ulertzen da munduan zehar, mendeetan, eduki duen ospea.

Nik ere egin dut barre Txirritaren andaluziarrarekin eta paretarekin, eta Lazkao Txikiren ateraldiekin. Eta negar Xalbadorren “Hildako emaztearen soinekoari” edo “Negarra begian” entzutean. Nahiz eta azken horien kasuan beti zalantza eduki ez ote ziren ipurdia aulkiaren gainean eta orri zuriaren gainean sortuak.

Baina onar dezagun: hizkuntza larrekoaren eta Gutenbergen tramankuluaren arteko harremanak problematiko samarrak izan dira beti.

ChatGPT adimen artifizialak eguzkiari buruzko poema bat ondu omen du. Diotenez, laster egongo dira sobran bertsolariak eta idazleak oro

Kasualitateak nahi izan du, eta datozen mendeek berresten ahalko dute, ezen, gutxi gorabehera Lujanbiok txapela jantzi zuen egunean –“mingaina dantzari irabazteko desesperantzari”– txapelbako Canok sonetoen liburu bat argitaratu zuela –“hitzak josi arteko sosegu gabeziaz”–. Nahiz eta, Canok jolas literarioak eta paradoxak zenbat maite dituen jakinik, kasualitatea ote den zalantzan jartzen ahal den zerbait izan.

Baina teknologiak zaharkitu du Gutenbergen tramankulua ere, eta denborak lausotu du gure artean inoiz eman ez den –baina ematen ahal zen– eztabaidaren distira: zer da gehiago, idatzia ala ahozkoa?

Ber denboran txapel-konturik behar ez duen ChatGPT adimen artifizialak eguzkiari buruzko poema bat ondu omen du, beste balentria batzuen artean. Diotenez, laster egongo dira sobran bertsolariak eta idazleak oro.

Gogoan dut Italo Calvinok, 1967an emandako hitzaldi batean (gaztelaniaz Cibernética y fantasmas izenburuarekin argitaratua), aintzat hartzen zuela makina batek kultura guztia produzituko zuen eguna. Ez du inporta –esatera zetorren, gutxi gorabehera–; beti izango da kontzientzia humano bat haren kalitatea epaituko duena… Hori hala den artean ez gara hain larri ibiliko.