Lurtarron begiradak erakarri ditu aspaldidanik, misterio eta galdera iturri izan da, hausnarketa eta ametsen zaindari gautar, bidaia literarioen helmuga, mito eta metaforen sorburu, norgehiagoka espazialaren jomuga, onartu edo ezeztatu diren hipotesien muin, lurraren ahizpa eta eguzkiaren aurkari zein osagarri. Ilargia: iretargi edo argizagia. Lurraren satelite bakarra den horri idatzitakoak biltzen ditu 1545 argitaletxeak kaleratutako Mare: ilargiari poemak liburuak. Harri batentzat bitxi da Eneko eta Xabi Salaberria anaien ekimenez heldu zaigun hau: harribitxia.
Ilargiari so, begi hutsez antzeman ohi ditzakegu zati argitsu eta ilunagoak. Gaur egun honen gainaldean urik ez dela jakin badakigun arren, antzina, zati itzaltsuok padurak, badiak, aintzirak, itsasoak eta ozeanoak zirenaren ustea zuten astronomoek: halaxe izendatu zituzten eta halaxe izendatzen ditugu oraindik. Hamarnaka dira, eta horietako batzuei zein haien deitura iradokitzaileei, ilargiteak agerian utzitakoei zein ilargiaren alde ezkutuak nola berehalako ulermenari itzuri egiten dioten auziei idatzitako poemak dira orriotakoak. Izan ere, translazio eta errotazio mugimenduen iraupen berdina tarteko, aurpegi bakarra agertzen digu ilargiak beti: halaxe batu ditu astroak argia eta iluna, ezagutza eta ezezagutza. Eta gaitz erdi, zeren poemok aldarrikatu legez “Misteriorik gabeko espazioak / aspergarriak izan daitezke”.
Leialtasunaren Badia, Ahanzturaren Aintzira, Desioaren Itsasoa, Ekaitzen Ozeanoa… han-hemengo 29 poeta, eta nork bere hizkera, irudi, esangura eta idazkeraz ondutako poemak. Begiratzen gaituen hari begiratzeko era ezberdinak topatuko ditu liburuan irakurleak. Are, ilargiari jarritako olerkiez gain, osatzen dute artefaktua ilustrazioek, izaera zientifiko, filosofiko eta literarioa duen hitzaurre banak, euskal poesiaren ibilbidea laburtzen duen artikulu batek eta abesti batek. Gazteen eskuetan lur hartu eta mundu berriak ernatzeko xedez sortu den hazia ei da liburu hau, gazteengan poesia idazteko gogoa piztu nahi duena: eta akaso horrexegatik geratu dira itsaso batzuk idazteke, poeta ilargitar berriak sortu zain.