argia.eus
INPRIMATU
Esentziara joateko lokaztu
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2023ko otsailaren 01
'Zementua armosaten' | Zikin | Mendeku diskak, 2022
'Zementua armosaten' | Zikin | Mendeku diskak, 2022

Hara non, azken urteotan punkak jarraitzen duen Euskal Herrian sorpresak ematen. Horietako bat izenak agerian uzten ez duen lekeitiar hauena, esaterako. Sorpresaz aurkitu nuen disko hau duela oso gutxi, eta berriro ere berretsi dut iraganekoak eta mugiezinak diruditen klitxeez at gazteak dabiltzala berrasmatzen, eta urteen poderioz eszenan pilatzen joan diren lasto eta poseak baztertzen.

Lekeitiokoa da laukotea –hango DNA daukan añorgatar bat barne– eta pandemiaren bezperatan sortu zuten taldea. Horien artean badira hasiberriak, baita Orreaga 778, The Bobby´s, Arkako zein beste talde batzuetan ibilitakoak ere.

Lan berri eta interesgarriak kaleratzen dabilen Mendeku Diskak-ekin atera dute Bilboko Eten estudioan grabatutako lehen disko hau, eta kantuak modu originalean banatu dituzte: lanari izena ematen dion Zementua armosaten deiadar antidesarrollista A aldean, eta gainontzeko kantuak bestaldean.

Zementua armosaten-ek mezu indartsua dauka, Mad Max bezain apokaliptikoa baina iraultzaileagoa, eta gitarra bizi eta irudimentsuekin jantzitako punk ilun eta azkarra da, irmoa. Beste aldeak, baina, mami handiagoa dauka niretzat: Kakatzan atrapata-k indartsuago egiten du haginka, eta amorrazio horretan liluratu naute bereziki East Bay Ray-en eskolako gitarrek. Jarraian datorren Bixirik-en ere abiapuntua Dead Kennedys-en tamainakoa da, baina melodiak kiribildu eta kantua pisua hartuz doa beste maila batean. Jodidu da La Perrera-ren sasikumea: azkarra, lotsagabea eta nerbio handiko punk-rocka. Egun zikinak-ek, amorrazio handiko post-punkak, badu aire bat esaterako La URSSekin. Bukatzeko, Ahuhandi-k gogora ekarri dizkit Euskal Herrian hardcore-punkaren hastapenak zabaldu zituzten hainbat talde.

Motza egin zait diskoa. Finean, gaztetasuna, sofistikaziorik gabeko pieza amorratu eta ilunak, eta bigarren irakurketarik behar ez duten eta lekeitiarrez idatzitako egia borobilak; akabo nostalgia, zapaldu kalea eta zaren modukoa agertu. A zer aurkikuntza, apala, eta horregatik, oso aberatsa!