argia.eus
INPRIMATU
Donostiako Columbiaren mendea
  • Donostia, 1923. Juan Inurrietak Columbia disko fabrika jarri zuen martxan eta, hala, industria diskografikoan aitzindari izan zen Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2023ko urtarrilaren 30
Donostiako Benta Berriko fabrika hau duela 100 urte hasi zen diskoak ekoizten. (argazkia: Eresbil)
Donostiako Benta Berriko fabrika hau duela 100 urte hasi zen diskoak ekoizten. (argazkia: Eresbil)

Inurrietak hornigai denda bat zeukan, baina sei urte lehenago, 1917ko urtarrilean musika industriaren munduan sartzea erabaki zuen: Eugenio Insausti bazkide hartuta, Hispano-Americana sozietatea sortu zuen, pianoak, pianolak, organoak, bobinak eta idazmakinak saltzeko. Baina 1923an hil zen Insausti, eta Inurrietak sozietatea desegitea eta diskoen industria berriaren aldeko apustua egitea erabaki zuen. Londresko Columbia Gramophone Company Limited eta AEBetako Columbia Records diskoetxeen lizentzia eskuratu eta arbelezko diskoak prentsatzen hasi zen Benta Berri auzoan zeukan fabrikan.

1930eko hamarkadan, ospearekin batera handitu ziren eskaera eta fabrika bera. Eta estatubatuarren gomendioz estudio bat eraiki zuen, diskoak prentsatzeaz gain, grabaketak ere egiteko. Hurrengo hamarkadan, ordea, Columbia Recordsek beste gomendio bat egin zion: ekoizpena Madrilera eramatea. Baina Inurrietak ez zuen Donostiatik mugitu nahi, eta beste diskoetxe batzuekin akordioak sinatu zituen: Barklay, Decca, Durium, London… Eta aurrerago Juanen seme Enrique Inurrietak Alhambra zigilu propioa ere sortuko zuen.

Columbia Recordsek beste gomendio bat egin zion: ekoizpena Madrilera eramatea. Baina Inurrietak ez zuen Donostiatik mugitu nahi

Baina Enrique istripuz hil zen 1950eko hamarkada amaieran. Testamentuko gorabeheren ondorioz, baina, nagusiki, hiri handietan hazten ari zen industriaren presiopean, negozioa itzaltzen joan zen. EMI, Regal, CBS eta beste konpainia batzuentzat lanean aritu arren, fabrika 1975ean itxi zuten behin betiko.

Espainiar musikari berriak deskubritu zituzten Inurrieta aita-semeek; besteak beste, Sara Montielek, Julio Iglesiasek eta Los Bravos taldeak haiekin grabatu zituzten lehen diskoak. Musika flamenkoaren katalogo bikaina ere osatu zuten. Baina euskal musikariekin ere jardun zuten lanean. Nagusiki Donostiako Orfeoiaren lanak atera zituzten, baita Txirrita bertsolariaren edo Celestino Saone baritonoaren grabaketak ere.

Eta AEBetan edo Ingalaterran grabatutako lanak ere ekoiztu zituzten. Esaterako, 1963an, The Cookies taldearen Don’t Say Nothin’ Bad About My BabySoftly In The Night singlea atera zuten. 2019an, The Cookies taldeak Donostiako Mojo Workin jaialdian jo zuen, eta, antolatzaileek erakutsita, Margaret Ross abeslariak 56 urte lehenago hirian bertan fabrikatutako disko txikia izan zuen eskuetan. Single hura ez zen fabrikatik irtendako lanik ezagunena izan. Baina diskoen industria jaioberrian Donostiako Columbiak utzitako ondarea bizirik dagoela adierazten du.